Ibilbideak: Itzulia, jaitsiera beste bide batetik

Lurraldeak

Ibilbide mota

Jose-k sortua, 2007, urtarrila 28 - 18:44
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Salbatore ermita

Iparraldeko lepo batetan kokatuta, Salbatore ermita abiapuntu egokia da Topinburura igotzeko. Igoera bat baino gehiago eskaintzen ditu. Jarraian azaltzen den ibilbideak tontorra ezkerraldetik igotzen du, eta eskuinaldetik jaitsi.

inaxio-k sortua, 2006, urria 13 - 23:11
Kategoriak Bizkaia, Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Saturraran Hondartza
Eskema Saturraran - Ondarroa - Tontorramendia - Mijoa - Saturraran

Mendia bera nahiko txikia denez, itsasoaren mailatik abiatuko gara, mendia bere osotasunean igotzeko: Saturrarango hondartzak abiapuntu ezinobea eskaintzen du. Autoa hondartzako aparkalekuan utzi eta menditik beizten gaituen erreka zeharkatzen duen zubitik abiatuko gara Ondarroa aldera. Galtzada eroso batean barrena inguratuko dugu mendia, itasoaren bazterretik, Ondarroako hondartzara heldu arte. Han goiko errepidera igotzeko aukera emango diguten eskilara batzuekin egingo dugu topo. Errepidera igo, berriro Ondarroa aldera jaisten hasi eta etxebizitza dorre batzuen parera helduko gara berehala: haien aurretik gora abiatzen den porlanezko bide zabal eta aldapatsuari ekin behar diogu.

inaxio-k sortua, 2006, iraila 27 - 21:38
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Andoain
Eskema Andoain - Mariako Gaina - Belkoain - Erdoizta - Andoain

Autobideko Andoaingo irteeran (autokarabanak daudeneko hori) atera eta herriko sarreran eskubi aldean dagoen aparkalekuan utziko dugu autoa. Etorritako bidetik atzera joko dugu, zubia eta autobide azpiko tuneletik paseaz. Autobidetik datorren errepidea ezkerretara utziaz egingo dugu aurrera, mendirantz abiatzen den errepidea hartuta. Bihurgune zabal baten ondoren bidegurutze bat topatu eta ezker aldetik gora abiatzen den bideari ekingo diogu. Muino zabal baten gainera helduko gara laster eta bertan beste bidegurutze batekin egingo dugu topo. Sorabilla auzora jaisten den bidea bazterrean utzi eta etxalde batera abiatuko gara; etxaldera sartu gabe, ezker aldetik saihestuko dugu, porlanezko bide zabalari jarraituz. Mendebaldeko norabidean jarraituko dugu puska batean (km 1) eta, halako batean, erreka gainean giratzen den bihurgune itxi batekin egingo dugu topo (adi!): ezker aldeko bide zabalean gora egingo dugu orain, baina eskubi aldean utzitako bidetik itzuliko gara gero.

inaxio-k sortua, 2006, iraila 24 - 11:25
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Sanesteban ermita
Eskema Sanesteban - Andatza - Sanesteban

Usurbilgo Sanestebaneko ermitatik hegoaldera abiatzen den porlanezko pistari jarraituko diogu bere amaiera arte (ordu erdi inguru). Igartzabal baserrira jotzen du honek aurreko mendia eskubi aldetik saihestuz eta ekialdera jotzen du gero, Puela aldeko bizkarraren bila, berritzen ari diren (2006/9/23) etxe baten aldamenera heldu arte. Han pista harritsu batean gora jarraituko dugu tarte batean eta laster heduko gara bizkarrean, bihurgune baten dagoen bidegurutze batera: ezkerreko bideak bizkarraren beste aldera jotzen du beherako joerarekin, baina bide nagusiak eskubi aldera jarraitzen du... ez bata eta ez bestea, hantxe abiatzen baita bidezidor nabarmen bat bizkarrean gora. Bidezidor horretan gora jo eta laster gurutzatuko dugu pista berriro: (erne!) pista horri jarraituz helduko gara leku berera itzuleran, baina oraingoan pista gurutzatu eta beste aldean aldapan gora jarraitzen duen bidezidorrari jarraituko diogu. Arrastoari jarraituz irabaziko dugu berriro bizkarra eta laster egingo dugu topo bidearen aldamenean zutitutako porlanezko gurutze handi batekin.

Jose-k sortua, 2006, abuztua 24 - 20:40
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Amezketa
Eskema Amezketa - Pardeluts - Ganboa - Txindoki - Larraitz - Amezketa

Ganboa Aralarreko 3. tontor garaiena eta ezagunenetako bat den arren, ez du bisitari asko izaten, edozein aldetatik igota ere bertara iristeko bidea luzea baita. Jarraian azaltzen den ibilbidea horren erakusgarri da.

Amezketatik abiatuta, Arritzaga bailaran gora egiten du Pardelutseko iturriraino. Hemendik Ganboara igo eta Arrubiko larreak zeharkatu ondoren Txindokira igotzen da, Larraiztik barrena Amezketara jaisteko.

inaxio-k sortua, 2006, uztaila 25 - 09:43
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Larraitz
Eskema Larraitz - Egurral lepoa - Larrunarri - Egurral lepoa - Muitze - Larraitz

Abaltzisketa eta Zaldibia arteko errepidean dago Larraitz, jatetxez beteta. Bi aparkaleku handi ere badira, bata errepidearen gain aldean eta beste azpi aldean. Goiko aparkalekutik abiatuko gara.

Aparkalekuaren amaieran langa pasa eta harri txintxarrezko pista zabal bati jarraituko diogu HMko norabidean. Langatik kilometro batera, iturri eta uraska bat pasa eta gero, egurrez atondutako bidezidor bat ("Txindoki" jartzen duen seinalea ere badu -2006/7/24-) abiatzen da ezker aldetik aldapan gora. Arrasto nabarmenari jarraituz helduko gara mendebaldeko bizkarrera eta han, hesia pasata, pinudi baten ertzetik jarraituko dugu, Oria iturrira heltzeko, beste bihurgune baten ondoren.

inaxio-k sortua, 2006, uztaila 16 - 20:37
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Egileor
Eskema Egileor - Alangua - Opakua - Arrigorrista - Larredez - San Juan mendatea - Santa Elena - San Juan mendatea - Egileor

Egileor nahiz Alanguatik abiatu zaitezkete, baina ni Egileorretik abiatuko nintzateke (nahiago dut bien arteko errepideko zati gogaikarri hori hasieran egin). Egileorrera heltzeko erabili duzuen errepidean atzera egin eta hurrengo (ERNE!) bihurgunean bertan dagoen bidegurutzeari kasorik egin gabe, hurrengora joko dugu, Alanguara jotzeko. Errepideari jarraituz helduko gara Alanguara eta herria zeharkatu eta elizaren aldamenetik abiatzen den pista zabalari jarraituko diogu. Laster egingo dugu topo abereentzako aska batzuk eta hesiarekin. Hura pasa eta aldapa luze eta gogaikarri bati ekin beharko diogu: lurrezko bide zabala da, larrean gora egiten duena tarte luze batean. Bide berari jarraituz helduko gara, halako batean, basora. Basoan bideak tarteka berdinean jarraitzen du, aldapari muzin eginez, eta irregularragoa da, tarte batzuetan xenda baino ez, baina arrasto nabarmenenari jarraituz jo behar dugu ekialdera, goien nabari den Arrigorristako malkarren magaletik. Hala, aldapan poliki-poliki gora eginez, helduko gara Opakua aldeko kanpalekura, mendiaren ekialdeko lepora. Hantxe bertan topatuko dugu mendiaren bizkarrean gora abiatzen den bidezidorra, pagadian barrena, eta bizkarrari jarraituz helduko gara tontorrera (pintura gorrizko marka borobilak nonahi -2006/7/15-).

inaxio-k sortua, 2006, ekaina 25 - 10:08
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Durruma Kanpezu
Eskema Durruma Kanpezu - La Casilla lepoa - Muela - La Casilla lepoa - El Santo haitza - begiratokia - San Roman ermita - Durruma Kanpezu

Durruma Kanpezu edo San Roman de Campezo herriaren goi aldean dagoen Elizaren atze aldetik abiatzen da bidea IEko norabidean, eta norabide horri jarraituz helduko gara La Casilla lepora. Handik gora ertz harritsuari jarraituz joko dugu tontorrera (bide arrastorik ez, baina leku garbia da). Altura beretsuko haitz mutur batzuek osatzen dute gailurra eta horietako bat da tontorra (erpin geodesikoa eta buzoi gurutzeduna).

Igoeran erabilitako bide beretik lehengo lepora jaitsi eta El Santo izeneko haitzera joko dugu. Haitzera gerturatzean bidezidorra banatu egiten da. Arrasto nabarmenena zeharka-zeharka abiatzen da haitzean zulatutako San Romanen ermitara, baina bada beste arrasto bat aldapa handienari heltzen diona: hori da jarraitu beharrekoa. Erne! Bidezidor hau ere, hormara gerturatu ahala, ezker aldera lerratzen da tarte batean, baina hormara jotzen du geroago, hura gainditzeko pasarte baten bila. Zailtasunik gabe gainditu daiteke bide egokia jarraituz gero. Gandorrera heldutakoan, nahi izanez gero, ekialdeko muturrera joan eta Muelaren gaineko ikuspegi ederrarekin gozatu bat hartu ondoren, leku berera itzuli, eta gandorraren zeharkaldiari ekingo diogu.

inaxio-k sortua, 2006, ekaina 24 - 13:48
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Antoñana
Eskema Antoñana - Agiñetako bidea - Soila - Korresko bidea - Antoñana

Ibilbide honek Izkiko eremuaren barruan egiten du bere bidea, parkeko bide-sarea osatzen duten bidezidorrak erabiliz. Bide-sare hori ongi seinaleztatuta dago, nahiz eta batzutan (2006/06/23) seinaleak bakan izan, landaretzak tapatuta egon (marka horia duten posteak) edo ezabatzen hasita egon (pintura marka zuri-horiak). Jendea dabilen lekua da bestela, eta arrastoa nahiko nabarmena da gehienean.

Antoñana Kanpezu eta Maeztu arteko errepidearen bazterrean gelditzen den herrixka polit bat da, oraindik ere harresiz inguratua. Handik abiatu, zubi gainetik pasa eta aipatutako errepidea zeharkatu behar dugu, zubiak agintzen duen norabide berean (mendebaldera) jarraituz. Hala geltoki zaharra eta etxe dotore batzuen artetik pasata behehala egingo dugu topo Buxandako errepidearekin. Hura ere zeharkatu eta soro baten bazterretik jarraitzen duen lurrezko pista batekin egingo dugu topo: huraxe da bidea (astigar baten adarren artean erdi-ezkutaturik dago lehenengo bide-seinalea). 300 m aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo eta eskubi aldera joko dugu; 100 m geroago, berriz, ezker aldera, basoaren bazterretik, mendebalderantz.

inaxio-k sortua, 2006, maiatza 1 - 21:56
Kategoriak Araba, Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Lezea
Eskema Lezea - Olano - Arbarrain - Atabarrate - Umandia - Albeiz - Lezea.

Lezea da abiapuntua. Lezera heltzeko errepidea Egino eta Ilarduia arteko errepidetik abiatzen da, Ilarduiatik 500 bat m-ra. Aisigune zabala hedatzen da Lezearen ahoaren inguruan eta aparkatzeko leku ugari dago.