Skip to main content

Erga Irurtzundik

Ibilbide ederra da, bereziki hainbat pasarte, esaterako, Ergako bizkarrekoa, Argain eta Artola arteko bizkar luzea edo Arrantzaleen xenda, Larraun ibaiaren bazterretik. Igoerarako bide zuzenena jarraitzen du, baina ez da aukera bakarra ("Saien begiratoki"ko aldaera, esaterako, aukera polita omen da). Ustekabean ermitako erromeria egunean joan nintzen: jende dexente bildu zen han!

Punta d’o Trueno tontorra

Punta d’o Trueno

Altuera
1267 m
Lurraldea

Alanoetan amaitzen den mendikate luze bateko hegoaldeko muturra da Punta d’o Trueno, Bintze (Biniés) herriaren gainean. Ikuspegi zabala eskaintzen du bere gain irekiari esker, bai oraindik urrutitxo gelditzen den Pirinioko mendebaldeko mendi handietara begiratuz gero eta baita Canal de Berdun aldeko ordokien gainean. Tontorrean erpin geodesiko bat dauka, ezpelak apaindutako larre eremu zabal baten izkinean. Bada bide nahiko egokia Bintze aldetik igotzen dena, hegoaldeko hegian gora. Iparraldeko isurialdea Veral ibaira jaisten da hainbat malkarretan jauzi eginez.

Kalbeira Ansotik

Ansotik abiatzen da bidea, soroen artetik hasiera batean eta bizkar luze batean gora gero, pinudian barrena, arreta eskatzen duen bidezidor bati jarraituz. Badira han-hemenka harri pilak eta pintura markak, baina aspaldi berritu gabe daude eta zalantzak sor daitezke. Gorago, bizkarra utzi eta baso-pista zahar batzuk baliatzen ditu bideak, bidea nabarmenagoa da. Jaitsiera ere ez da jarraitzen erraza tarte batean, Borda de Ostias aldera jaisten den hegian behera, arreta jarri beharra dago tarte horretan ere.

Apategi tontorra

Apategi

Altuera
288 m
Lurraldea

Mendi txikia, nahiko zakarra baina itxurosoa da Apategi. Hainbat mendi bizkar luzatzen da Bidasoaren ertzetik Pirineoaren ardatz nagusiraino, garaieran pixkanaka gora eginez hara gerturatu ahala. Horietako batean dago kokatuta Apategi, Etxalar eta Bera artean. Izen bereko errekak inguratzen du iparraldetik eta Errekabeltza izenekoak hegoaldetik; bizkarrean berriz Etxaburu muinoak laguntzen du mendebaldetik eta Zurgaietak mendebaldetik.