Skip to main content

Salbatore ermitatik Topinburura igoera ibilbidea

Jose·k

2007/01/28 - 17:44

Abiapuntua
Salbatore ermita
Zailtasuna
Erraza
Igoera metatua
150 m
Luzera
4.00 km
Iraupena
ordu 1
Lurraldea

Iparraldeko lepo batetan kokatuta, Salbatore ermita abiapuntu egokia da Topinburura igotzeko. Igoera bat baino gehiago eskaintzen ditu. Jarraian azaltzen den ibilbideak tontorra ezkerraldetik igotzen du, eta eskuinaldetik jaitsi.

Ermitaren atzealdean (440 m.), aterpe baten ondotik zenbait bide abiatzen direla ikusiko dugu. Ezkerrekotik joko dugu, ekialderantz. Beti biderik nabarmenenetik jarraituko dugu, hasieran aldapa gabe, ondoren zenbait gorabeherarekin, eta azkenik aldapan gora Topinbururen ipar-ekialdeko bizkarreko lepo batetara iritsi arte (507 m.; 20’).

Eskuineko bidea hartuko dugu, hegoalderantz, mendi-bizkarrean gora egin dezagun. Hurrengo bidegurutzean eskuineko bidea hartuko dugu ezkerrerantz abiatzen denari jaramonik egin gabe. Ondoren bideak eskuinerantz egiten du aurrez aurre dugun muinoa ipar-mendebaldetik inguratzeko. Tarte batez laua da baina laster aldapan gora egiten du berriz ere.

Gure bidea beste batekin gurutzatuko da. Zuzen jarraituko dugu bide nagusitik, beste lepo batetara iritsi arte (550 m.; 27’). Bide asko elkartzen dira lepo honetan. Dakargun norabidean aurrez aurre duguna hartuko dugu, mendi-bizkarretik jarraituz, hego-mendebalderantz. Oso bide nabarmena da.

200 metro aurrerago, eskuinerako bihurgune batetan, bide hau utzi eta eskuinalderantz aldapan gora egiten duen bidezidorretik jarraituko dugu. Laster tarte lau batetara iritsiko gara, Topinbururen ekialdeko bizkarra, eta aldapa labur baten ondoren tontorrera iritsiko gara (590 m.; 33’).

Hego-mendebaldeko bizkarrean behera doan bidezidorretik joko dugu. Eskuinaldean aterpe bat ikusiko dugu. Tarte aldapatsu bat jaitsi ondoren bide handiago batetik egingo dugu topo (511 m.; 44’). Eibar eta Bergara arteko mugarri bat dago bide ondoan. Bide honetatik jarraituko dugu eskuinerantz.

Bide hau hasieran lau xamarra da, baina gero jaisten hasten da Salbatore ermitara iritsi arte (440 m.; 55’).

Oharrak
Salbatore ermitara Eibarko Txonta auzunetik igo daiteke kotxez.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi