Skip to main content

Arraldegaña eta Orgiko basoa Lizasotik abiatuta ibilbidea

inaxio·k

2007/07/01 - 16:14

Abiapuntua
Orgiko basoko aparkalekua
Igoera metatua
300 m
Eskema
Orgi - Lizaso - Gorrontz - Arraldegaña - Gelbentzu - Orgi.
Luzera
11.00 km
Iraupena
4 ordu

Abiapuntua Orgiko basoko aparkalekua da. Lizaso eta Gerendiain arteko errepidearen erdibidean aurkituko duzue; ondo seinalatuta dago.

Aparkalekuko sarreratik Lizaso aldera joko dugu errepidez, baina abiatu eta berehala ikusiko duzue pista zabal bat eskubi aldean, zuzenean herrira jotzen duena: errepidez jarraitzea baino aukera hobea da.

Herrira sartu eta segituan ezker aldera jarraituko dugu, errepidera ateratzeko berriro. Gorrontz/Olano aldera abiatzen den errepidea topatuko dugu han, baina hura hartu beharrean, errepidez Larraintzar aldera jarraitu eta ezker aldetik abiatzen den hurrengo bidetik utziko dugu errepidea. Golf zelaiaren aldamenetik pasa eta belasoen artean jarraitzen duen pista zabaletik aurrera egingo dugu, mendebaldeko norabidean lehendabizi eta hegoaldera giratuta gero. Hurrengo bidegurutzean ere hegoaldeko norabidearekin jarraituko dugu, ezker-eskubikoak bazterrean utziaz. Horrela, nekazal eraikuntza handi baten aldamenetik pasa eta Gorrontzera helduko gara.

Gorrotzen elizaren aldamenetik pasa eta gorako bidea jarraituko dugu, iturri baten aldamenetik paseaz. Pista zabal eta aldapatsu bati ekingo diogu herritik ateratzean. Berehala helduko gara bidegurutze batera: eskubi aldetik jarraituko dugu. Harri-txintxarrezko pista zabal batek mendiaren mendebaldeko bizkarrera eramango gaitu aldapa handian gora.

Bizkarrera heltzean pagadiaren itzalean sartuko gara eta han bizkarra jarraitzea aski da tontorrera joateko. Arretaz ibili beharra dago ordea, izan ere bizkarra oso zabala da eta basoan ez da erraza aldapa handiena jarraitzen (iparrorratza edo GPSa komeni). Tarte batzuetan alanbre hesiaren laguntza izango dugu, baina ez denean. Halako batean basoa amaitzen den lekura helduko gara, eta alanbre hesiaz inguratutako baso landaketa belartsu batekin egingo dugu topo. Eremu horren erdi aldean dago tontorra.

Bizkarra zuzen jarraitu badugu, neke handirik gabe topatuko dugu gurdibide bat, belarrak estalia: huraxe da jarraitu beharreko arrastoa. Bide hau zuhaitz bakan batzuetara hurbiltzen da laster: erne, han dira buzoiak, bidetik 50 bat metrora, Ez dago beste markarik.

Beste aldetik egingo dugu jaitsiera. Gurdibide berari jarraituz ekialdera joko dugu, landatutako eremu horretan aurrera oraindik ere, ekialdeko lepora heldu arte. Han bidegurutzea eta langa batzuk topatuko ditugu. Ekialdera jo behar dugu oraindik ere, bizkarrari jarraituz, basoan barrena doan pista batean aurrera.

Soilune batekin egingo dugu topo laster, eta bi bide bereiz daitezke bertan. Eskubitik joko dugu. Tarte hau da beharbada zailena, izan ere arrastoa arina da eta basoak ez du urrutira ikusten uzten. Baina bizkarrari jarraitu behar zaio, eta pinudiaren bazterretik doa tarte batean, HE norabidean. Aldapa gero nabarmenagoa da eta laster utziko gaitu bidegurutze zabal batean.

Bidegurutzean iparraldeko bide zabala hartuko dugu. Bideak jaitsi ahala ekialdera jotzen du. Errepidera eramango gaitu, iturri baten aldamenera, Gelbentzutik gertu. Errepideari jarraituz berehala helduko gara Gelbentzura. Nahi izanez gero Gelbentzura jo beharrean Lizaso aldera jo dezakegu zuzenean, bidea laburtuz.

Gelbentzun elizaren aurretik pasa eta haren ingurutik behera abiatzen den pista zabal batetik behera egingo dugu. Laster helduko gara abeltegi batera. Abeltegira baino lehen, eskubiko basoan behera jaisten den bidea bilatu eta errekara jaitsiko gara. Erreka ikusi orduko, ezkerrera jotzen duen pista zabal bati jarraituko diogu, errekaren ezker aldetik. Errekaren paretik ibiliko gara tarte batean, baina pista berari jarraituz, belasoen artera joko dugu gero, bidegurutze batera heldu arte. Han, ezkerrera joko dugu. Baso txiki bat zeharkatu eta beste abeltegi batera helduko gara minutu batzuk beranduago, bide berari jarraituz, eta errepidera berehala.

Errepideari jarraituko diogu tarte batean, erreka zeharkatuz, baina laster egingo dugu topo ezker-eskubi bereizten diren pista zabal batzuekin: Orgiko basoan sartzeko bideak dira (bai, errepideak zeharkatzen du erdiz-erdi izen horrekin izendatutako basoa). Gure bidea ezker aldekoa da. Baina Orgiko baso horretan zerikusi asko dago eta bide ugari; iparrorratzak (IMra jo) edo senak erakutsiko dizue abiapuntura nola heldu (errepidea jarraitzea aski duzue bestela).

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi