Skip to main content

Catalogo Montañero, Navarra y proximidades

zuriain·k

2011/03/29 - 13:55

1724 klik

Aspaldi izan nuen liburuxka honen berri. Betidanik izan genuen mendi zerrendaren bat eskueran, bildumazale porrokatuen antzera igotako mendiak kontrolatzeko eta lagunen artean lehian ibiltzeko, nork baino nork mendi gehiago igo. Baina Catalogo Montañeroa ikusita aho bete hortz gelditu ginen: zerrenda hartan 1019 mendi agertzen ziren! Baina, badaude hainbeste mendi Nafarroan? Lehenbiziko xehetasuna: mendi gehien-gehienak Nafarroa Garaikoak izan arren, Catalogoak inguruko mendi batzuk ere jasotzen ditu, Gipuzkoakoak eta Iparraldekoak gehienbat, baita Pirinioetako eskutadatxo bat ere.
Liburuxkak hiru atal ditu. Lehenbizikoa, nagusia, zorioneko zerrenda da. Bertan, mendiaren izenarekin batera, altuera eta ohiko ibilbideen hasiera izaten diren herriak agertzen dira. Bigarrena herri eta mendateen zerrenda bat da, eta horietatik zein mendi igo daitezkeen. Hirugarrena toponimiari buruzkoa da. Mendien izen desberdinak biltzen dira hor.
Bizitza erdia gainez-gain emandako mendizale anitz zurbildu egiten dira zerrenda ikusita. Zentenario harroei irribarrea izozten zaie aurpegian. Non dago Uguein? Eta Iruxebel? Eta zenbat Mendiaundi dugu Nafarroan? (erantzuna: hiru) Eta zenbat Santa Barbara? (bost!).
Orduan ohartzen gara dozena bat aldiz igo garela Saioa edo Adira, baina bazter utzi ditugula horiek bezain interesgarriak, eta zer erranik ez, askoz baketsuago eta bakartiagoak diren hainbat eta hainbat gain. Eta hain zuzen ere, horixe zen Catalogoaren egile zen Francisco Ramón Martínez Garde iruindarraren asmoa, ohiko mendiez gain beste aukera batzuk bazeudela erakustea.
Egia da zailtasun gehiago daudela. Hasteko, batzuetan ez da erraza asmatzea zein mendiri dagokion Catalogoaren izena. Martínez Gardek erabilitako kartografia zaharkitu egin da, eta egun hainbat izen ez dira agertu ere egiten mapetan. Zoaz, adibidez, Anzi bilatzera. Beste batzuetan, aski da irudimen pixka bat izatea: berehala ikusiko dugu zerrendako Vizcayluz gure Bizkailuz edo Miskiluz dela.
Baina zailtasun handienak zerrenda etxean utzi eta mendira abiatzean datoz. Mendizale gehienak Illarbeltz edo Bonbagaina bezalako tokietara hurbiltzen ez direnez, bideak erabat itxita daude. Basurdeak edo haien ehiztariak besterik ez dira halako tokietan ausartzen. Baina merezi izaten du. Azken garaiotan -eta datozenetan ere...- Catalogoaren bidez ezaguturiko hainbat gain ekarri ditut webgune honetara. Orain badakizue nondik atera ditudan Aldapaburu, Grumalo edo Soroluzeta bezalako perlak.
Francisco Ramon Martinez Garde 2008ko abenduan hil zen Ekaitza mendian, berak hainbeste maite zuen mendietako batean hain zuzen.

Komentarioak

  • Avatar

    inaxio·k bidalia 2011·ko Martxoaren 30·an - 14:47etan·an

    Ba bai, behin baino gehiagotan pentsatu dut ea nondik ateratzen zenituen zuk mendiak. Orain badakigu. Eskatu dut liburua liburudendan.

  • Avatar

    zuriain·k bidalia 2011·ko Martxoaren 30·an - 18:19etan·an

    Zure etorkizuna zigilatu duzu, bada. Madarikazio bat dago liburuxka honen erosleentzat: jabeak ezpel eta arantza artean ibiliko dira beren egunen amaiera arte...

  • account_circle

    Jose·k bidalia 2011·ko Martxoaren 30·an - 20:13etan·an

    Jajaja!
    Inaxio lehendik ere makina bat fraka-pare urratutakoa dela esango nuke... ;-P

  • Avatar

    inaxio·k bidalia 2011·ko Martxoaren 30·an - 21:09etan·an

    Hori ere egia da, baina nik uste Zuriain oraindik maila bat gorago dagoela. Bere ibilbideak ikusi eta izutu egiten naiz batzutan; sugandilak harri artean bezala ibiliko da hau honezkero ezpel artean. :-D