Skip to main content

Arrako-Keleta-Lakartxela ibilbidea

Xabiaram·k

2021/09/20 - 22:04

Abiapuntua
Arrako
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
1405 m
Eskema
Arrako-Larrondo-Keleta-Ezkieta-LAKARTXELA-Binbaleta-Lapatia-Arrako
Luzera
15.00 km
Iraupena
8 ordu
Lurraldea

(2021-08-19)

Egun pasako mendi ibilaldia Belaguako Euskal Pirineotan.

4 orduko igoera + 1 orduko atsedena + 2 ordu t'erdiko jeitsiera.

ARRAKO

Arrako izango da gaurko egunpasaren abiapuntua. Auto gutxi batzuk uzteko tokia eta informazio panel batzuk daude bertan.

OIHANA

Hasierako senda Larrondoko lepora igotzeko ekialdetik doana hartuko dugu, bestetik jeitsiko gara arratsaldean. Pagadi-Izeidi handi batean gora egiten da bidea, eta malda hasiera tartean etzan samarra bada ere aurrera egin ahala gogortzen doa. 600m inguruko desnibela gainditu beharko dugu.

LARRONDO

Behin Larrondoko lepoan, mendiaren tontorrera ere igoko gara. Ez dago senda zehatzik, hasieran arrasto ugari daude abereak eginak, baina gora egin ahala desagertu egiten dira eta zelaian gora igo behar da besterik gabe. Tontorrean ohiko postontzia eta eguraldia garbi badugu Keleta-Kartxela alderako ikuspegi izugarriaz gozatu ahalko dugu.

KELETA

Eguneko lehen tontor haundia ia 2 mila metroko garaieran. Larrondoko lepotik hasiko dugu igoera gandorraren ertzetik gora doan bidean. Luze samarra da igoera, ia 400 metroko desnibela du eta lasai hartu behar da. Tarteka atseden gune batzuk ere baditu, eta ikuspegi ederrak Belagua aldera.

Behin tontor hau zapaldutakoan honen luzapen antzeko bat den "Sakro" tontorra ere egingo dugu.

KONTUZ!! - PASAGUNE ARRISKUTSUA

Orain Ezkieta aldera gandorretik jarraitzea nahi badugu pasagune arriskutsu bat dago Sakro gaintxoaren ondoren. Pasagunea gainditzeko lehenik koska bat jeitsi behar da metro batzuk eta ondoren hormaren kontra eskuekin helduta hiru edo lau metro zeharka. Eskuekin lagunduta eta kontu handiz pasa behar da, kriston amildegia dagoelako azpian.

EZKIETA

Behin aurreko pasagunea gainditu ondoren, pozik! Aurrera egingo dugu eta Ezkieta mendiaren hiru tontorrak zapalduko ditugu. Lehena da zailena aurrez-aurre igo daiteke ertzetik edo nik egin nuen bezala apur bat pasa hegaletik eta gero igo tontorrera. Beste bi tontorrak errazagoak dira eta bidenabar egiten dira. Mendi ertzaren ikuspegi ederrak ikusiko ditugu bertatik.

LAKARTXELA

Azkenean Lakartxelara ere iritsiko gara, mendi honek ere bi tontor ditu bata ekialdean eta bestea mendebaldean, azken hau da nagusia, garaiena eta postontzi guztiak dituena. Esan beharra dago tontor hau ezkutu samarra ere badela, batzuetan nondik begiratzen dugun arabera oso zaila delako ikustea. Edonola bertan atsedenaldi bat hartu eta zerbait jateko ordua era izango da jadanik.

BINBALETA

Tontor hau itzulera bidean topatuko dugu, Lakartxelatik jeitsiz izen bereko lepoa eta tontorra daude. Azken malda zuti samar bat besterik ez dugu igo beharko.

LAPATIA

Itzulerako zati luzeena. Binbaletako lepotik behera ohiko senda utzi eta zelai eta harkaitz artetik arrasto bat bilatu beharko dugu Keletako zeharbidera iritsi eta hau jarraitzeko Lapatia/Larrondoko lepora eramango gaituena. Inguru oso ederra da Keletako mendiaren azpitik. Behi eta behor ugari ere ikusiko ditugu bidean.

ARRAKO

Azken zatia Lapatiako lepotik Belaguako Larratzan behera, pagadian malda handian jeitsiko gara Arrakora. Bidea ona da maldaz aparte eta 35-40 minututan jeitsiera egina dugu.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi