- Santa Kruz
- Santa Cruz
Ermita hau nahiko handia da neurriz, eta parrokiari erantsita egoten izan da. Historikoki, haren zereginak beteteko xedea be emoten izan jako noizbait.
Oinplano angeluzuzen baten gainean dago, eta lau zatitan banatuta dago gangen parean; hiru horma-ataleko absidea dauka. Gorputz horri lotuta, sakristia dago burualdearen atzean, eta eleizpea epistola aldeko zati baten eta oinetan.
Tenpluaren orientazinoa ez da ohikoa, ipar-sartaldetik hego-sortaldera doa-ta, eta ondoko errepideak badauka horretan zeresanik beharbada.
Hormak harlangatxez eginda dagoz luzetara, lauza modura, eta burualdeko angeluetan harlanduzkoak dira. Egitura hori agerian geratzen da barrualdean –gangetan izan ezik– eta kanpoaldeko beheko partean, zokalo modura, eta zarpeatuta ageri da gorago; halanda be, harri batzuk euren horretan itxita dagoz, apaingarri modura.
Barrualdean, zoladurea terrazozkoa da, eta barria (2015).
Estalgia kurutze-ganga zorrotza da, eta erditik behera apur bat beheratuta dagozan harrizko mentsula batzuen bidez zurkaiztuta dago.
Isuri bikoa da teilatua nabean, eta hirukoa presbiterioan.
Tenpluaren aldeetako hormetan dagozan bost leiho ojibalez osotutako ilara bik argitzen dabe ermitea. 2015ean barritu zanean ezarritako beirate geometrikoakaz ixten dira leiho horreek. Horreetako batzuen beheko aldean aurreko baoen aztarnak ikusi leitekez, eta XVII. mendeko esku-hartze bati jagokoz.
Idi-begi bat be ageri da oinaldearen horma pikoan, gangaren gainaldearen parean, nabetik ikusi ezin dana. Eta badirudi beste bat be egon zala koruaren gainean, gaur egun hormatuta dagoana, zarpeatuaren azpian kanpotik ezkutauta.
Oinaldean, sarbidea dago, zazpi dobelako erdi-puntuko arku baten azpian. Ate-alboak kare-harlanduzkoak dira, eta haria, barriz, hareharrizkoa, giltzarria izan ezik, hori kareharrizkoa da ta. Ezohikoa da ezarrera hori, eta esku-hartzeren baten ondorio izango dala pentsaurazoten deusku. Baleiteke 1891n tenplua barritu zanekoa izatea. Albo bietan, ur bedeinkatuen ontziak dagoz, kono-enbor formakoak eta karela moldura zuzenekoa daukienak, batek Kurutzea dauka Golgotaren gainean, aurrealdean zuzenean landuta -eta ez horman edo arkuaren dobeletako baten, ohikoa danez- . Errepikauta dago hori guztia.
Egon zan beste ate bat be, epistola aldean, gaur egun hormatuta dagoana baina kanpotik ikusi daitekeana eta barrutik arrastoari jarraitu eta, horri esker, prozesinoak batetik bestera joan eitekezan.
Azken zatian korua dago, egurrezko egitura xume bat; baina haren habe frontal indartsuak alboko ostiko bi ditu euskarri, eta mentsula bana daukie tartean, bere erremate moldurauagaz.
Eraikinaren burualdean itsatsitako sakristia bat be badauka ermiteak, bere horma-atal bietara egokituta. Ez dauka interes handirik gune horrek, eta presbiteriotik sartu leiteke bertara, burudun pasabide batetik. Burudun leiho bikotx baten bidez dago argituta, eta sabai aizun batek estalduten dau, kanpoaldetik isuri biko teilatua bada be.
Izan zan beste sakristia bat aurretik, 1891n ebanjelioaren ondoan ezarri zana. Oraindokarren sumau leiteke sarrerea bigarren zatiaren eta hirugarrenaren artean, gaur egun hormatuta badago be.
Oinaldeko horma pikoan, kanpai-horma altzetan da. Gorputz angeluzuzenaren gainean goratuta dago, eta gorputz bakarrekoa da, zirkuluerdi formako bao batekoa. Triangelu formako errematea dauka, kurutzearentzat.
Oinaldean, eta epistola aldearen erdia hartuz, eleizpea dago. Albo baten isuri batera eta aurrean hirutara teilapea ageri dau, eta egurrezko zutikoen gainean bermatzen da. Horreetako batzuek ertz fazetadunak daukiez, eta, aldi berean, hormatxo baten bermatzen dira horreek.
Zorua zerrendatan kokatutako errekarriz osotuta dago, eta, horrenbestez, sistema hau sano urruntzen da Barrokoan ohikoak ziran forma lerromakurretatik.
Holango tipologia daukienen artean, Kurutze Santuaren hau proportzino handiko eta egitura zainduko eraikina da. Funtsean izaera herrikoia eukan ermita xume baten hondarrak bat egiten du hemen XIX. mende amaierako neomediebalismoak berezkoak eukazan joerakaz, nahi-ta harrigarria dan hori guztia landa-eremu honetan.
Tenplua 1550etik dago dokumentauta gitxienez, nahi-ta 1678tik 1682ra berreregi egin zan, oin barria eginez. Rafael eta Tomás de Ibarrondo, Martín de Petralanda eta San Juan de Urabarro bertoko harginak eta Pedro de Mendía arotza arduratu ziran obrez.
Gerora, izan ziran obra txikiagoak be –berbarako, teilabarritze-lanak–, 1890era arte, urte horretan tenplu barria diseinau eban-ta Casto de Zavala arkitekto emonkorrak. Ermitea burualdera luzatzea proponidu eban, eta hormak goratzea –zimentuak sendotu behar ziran horretarako– eta ganga “gotikoz” eta kanpai-hormaz hornidutea. 1891n baimena emon jakon obreari, eta Benito Lauzargureni emon jakon lanen ardurea. 2.500 pezeta kobratu ebazan ordainetan.
Proiektuan sakristia bat be baegoan, epistola aldeko hormeari atxikita. Ez zan halangorik eregi –baina bai atea – edo ez zan nahikoa izan, eta, horregaitik, beste bat eregi zan 1907an, gaur egungoa. Ziurrenik, XIX. gizaldiaren amaiera horretakoa izango da, korua lez, idulkiaren moldurak eta balaustrearen baranda ikusita.
Gerora, esku-hartze batzuk egin izan dira eraikinean. Esate baterako, 1971-1973an, 1988an eta 2015ean, eta 2024an ostera be, eleizpearen aurreko aldea barriro altzetako, zati bat suntsituta eukan-eta, ibilgailu batek haren kontra jo ondoren.
Ermita hau ohiko topagunea izan da haraneko biztanleentzat haren egunean, eta egun horretan zelaiak eta soloak bedeinkatzen ziran, hain zuzen. Baziran erritu gehiago be -gaur egun be egiten dira-. Esaterako, elorri-adarrakaz kurutzeak egitea, eta, sagaratu ondoren, soloen mugetan untzetzea, uzta ona egon eiten. Gari edo arto ale batzuk be bedeinkatzen ziran, eta, gero, haziagaz nahasten ziran.
Esaten danez, behin, auzotarrak ahalegindu ziran ermitan Jakoba andrea sartzen, burutik eginda ei egoan emakume bat, baina harek kontra egin eutsen hara sartu gura ebenei, beraren berbetan deabruak ixten ez eutsalako.
Comments
No comments.
Near targets
Aresandiaga auzoa (527 m.ra) · Arkulanda auzoa (707 m.ra) ·

