Artzamendi etxeaArratzu-UbarrundiakoLuku auzoan dagoen hiri-jauregia da. Artzamendi herri hustutik geratzen den eraikin bakarra da.
1999koekainaren 11an, Eusko Jaurlaritzakmonumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Eraikina muino baten oinean dago, lurrari erdi-atxikita. Eraikina barrokoa eta apaindurarik gabekoa da, eta nabarmenena bere fatxada nagusia da. Fatxada horrek bi armarri ditu. Eraikinaren oina laukiduna da. Fatxada nagusiaren eskuinaldean eranskin luzexka bat dauka eta eskuinaldeko zatiaren atzealdean estalpe txiki bat. Gorantz, beheko solairua eta 2 altuera gehiago ditu. Estalkia lau isurialdekoa da, eta isuraldeetako bat aipaturiko estalpearen gainetik luzatzen da.
Eraikina harlangaitzez egina dago eta baoen inguruetan eta ertzetan harlandua dauka. Egitura eustormez eta zurez egina dago. Kanpoaldeari dagokionez, hegaletan eta ate nagusian egurra ageri da eta fatxadako balkoian forjazko baranda sinple bat. Estalkia antzinako erako kanal-teilazkoa da.
Hegoaldera jotzen duen fatxada nagusia osaera simetrikokoa da eta hiru ardatzetan antolaturik dago. Beheko eta lehenengo solairuan arku eskartzanoz inguratutako baoak ditu. Euskal barrokoan ohizkoa den ereduari jarraituz sarrera eta balkoiaren bidez erdiko ardatza nabarmentzen da. Beheratutako arku izuneko sarrera adobelatua da, eta burdineria duen egurrezko bi zatiz osatutako ate bat dauka. Lehenengo solairuan balkoiak honako hauek ditu: 4 mentsulen gainean zapalda molduratu bat eta dintelean edo ateburuan tailatutako arku faltsuko balkoi-atea. Harlanduzko alderdi batek lotzen ditu atea eta balkoia. Beheko eta lehengo solairuetako alboetako ardatzen baoek ere beheratutako arkuetan azpadura tailatuta daukate, eta beheko solairukoek horrez gain burdin sareak ere bai. Goiko solairuan aipaturiko hiru ardatzetan lerrokaturik hiru ganbara-bao laukidun, harlanduaz inguratutakoak, irekitzen dira. Armarriak harri zurikoak dira eta simetrikoki kokaturik daude, erdiko ardatzaren alboetan, lehenengo solairuaren eta ganbararen artean. Eskuineko armarriak lau zatitan banaturiko eremua dauka eta Zarate, Salazar eta Lazarraga familiei dagokie. Ezkerreko armarria zortzi zatitan banaturik dago, lehoi maskaraz, kiribilduez eta kasketa lumadun batez apaindurik.
Mendebaldeko fatxadan, biderantz zuzenduta, hainbat forma eta tamainetako hutsuneak irekitzen dira, eta horietako hiru, fatxada nagusian daudenen antzekoak dira. Atzeko aldean, leiho bat edo sarbide bat izan zenaren dobelak (hori dirudi behintzat) eta larrain txiki baten eustorma ikus daitezke. Mendebaldeko zatian eranskin bat dauka itsatsirik, hau da, lastategira sartzeko atearen aurrean dagoen gelatxo txiki bat. Lur-arrasean bao batzuk irekitzen dira.
Eraikina bi zatitan banatzen da, aurrealdea, egoitzarako eta ganbara-lehortegirako, eta atzealdea, ukuilu-lastategirako. Lehenengo solairuan bebarru lauzatua eta habeen arteko gangatilazko-sabaia ageri dira. Bebarru horretan horma lodi batzuek eraikinaren egitura markatzen dute. Barrenean ukuilurako sarbidea dago eta erdian, eskuinean, eskaileraren hutsunea. Alboetan hainbat gelatxo daude eta eskuinaldean etxearen putzua mantentzen da.
Alboan erantsitako eraikina harlangaitzezko oin luzexkako etxea da, baoen inguruetan harlanduekin. Etxeak bi altuera ditu eta fatxada nagusiarekiko paraleloa den bi isurialdeko estalkia dauka. Eraikina, atzealdetik, lurrari atxikita dago eta beheko solairuan labea mantentzen du.
Etxe hau kalitatezko eraikina da, XVIII. mendeanArabako lautadan jauntxoek zituzten bizilekuen arkitekturaren ezaugarriekin bat datorrena, eta, dudarik gabe, Arabako egoitza-arkitektura barrokoaren adierazgarri on bat.

Artzamendi Etxea
Gaur egun Hotela da