Izaba .. Larratza ZURIAIN ibilbidea

BatenBat·k

2004/09/10 - 00:00

1020 klik
Abiapuntua: Izaba
Zailtasuna: Oso zaila
Iraupena: 6 ordu
Ibilbide mota: Joan-etorria bide beretik
Lurraldea:Nafarroa

Izabako igerilekuetara iritsi aurretik, bada parkin seinale bat errepidearen eskuinaldean. Parkin horretan utz dezakegu autoa. Handik ekialdera pista zabal bat hasten da. Handik gutxira, bi aukera izanen ditugu: Ardibidepikauko antenara igotzen den pista gogorra hartu (ez da oso ibilbide ederra), edo GR 11ko markak segitu Belabartzeko Ateetara iritsi arte. Ateetara sartu gabe, segituko ditugu marka gorri-zuriak, erreka zeharkatu eta eki-mendebaleko norabideko bide gogor bat hartuko dugu. Aldapa nahiko nekagarri batzuk igo ondoren, bat-batean basotik atera eta goiko belardietara helduko gara. Ikuspegi ezin ederragoak inguruan: Ezkaurre iparraldean eta Arrigorrieta hegoaldean. Ibilbidearen parterik gogorrena egina dugu. Hemendik ekialdera joko dugu, ia biderik gabe, baina belardi gozo batzuetatik, Kañadazilora helduko gara berehala. Handik mendebaldera joko dugu Larratza helburu. Gandorra zenbait lekutan nahiko latza denez, hobe izanen dugu beheraxeago joan, iparreko isurialdetik. Kañadaziloren hegoaldean, sakanaren hondoan, bada borda hondatu bat larre baten erdian. Bada, borda horretatik bide bat abiatzen da, Larratzaraino heltzen dena. Gure esku egonen da bide hartaraino jaitsi (altuera galduz, jakina) edo ardien bidexketatik ibili bide horrekin bat egin arte. Bakoitzak ikusiko du zer nahiago duen: erosoago ibili, baina altuera galdu edo bidexka kaxkarretatik joan gehiegi igo gabe. Larratzako tontorretik, badugu aukera Ardibidepikura iristeko. Ez da beharrezkoa gandor malkartsutik joatea, gandorraren hasieran, hegoaldean, kairn batzuek eta margo gorri batzuek bidexka bat erakutsiko baitigute. Bide horretatik antenaren pistara helduko gara eta hortik antenara edo Izabara bueltatzeko aukera izanen dugu.

Ibilbide gogorra baino ederra benetan. On egin!

Bidean ikusi beharrekoak:Larratza / Pikoatxikota

Komentariorik ez..