Skip to main content

Arties bailaratik Montardora igoera Restancatik zehar ibilbidea

Jose·k

2005/11/09 - 22:05

Abiapuntua
Pònth deth Ressèc
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
1440 m
Eskema
Pònth deth Ressèc - Pontet de Rius - Restanca - Estany deth Cap deth Pòrt - Coret de Oelhacrestada - Montardo
Luzera
15.00 km
Iraupena
6 ordu
Lurraldea

Ibilaldia Pònth deth Ressèc-en hasten da, Montardoren iparraldean, eta mendia eskuinetik ingurutzen du azkenengo aldapari hegoaldetik ekiteko. Igo beharreko altuera aipagarria izan arren, atsedenaldiak egiteko toki aproposak daude bidean, idarrak berritu eta igoera samurragoa egin dadin. Toki hauetako bat Restancako aterpea da (www.restanca.com). Egun bakarrean egiteko moduko ibilaldia den arren, igoera bi egunetan bana daiteke aterpe honetan gaua pasatuz.

PÒNTH DETH RESSÈC (1400 m.)

Ibilaldia Pònth deth Ressèc-eko aparkalekuan hasiko dugu. Bertara iristeko, Arties herritik hegoaldera joko dugu Valarties bailaran gora 4-5 Km. Pònth deth Ressèc-etik Pontet de Rius-eraino hartxintxarrezko bidea dago. Kotxeek galarazita dute bertatik ibiltzea. Taxi zerbitzua dago tarte hau oinez egin nahi eztuten "alperrentzat". Guk oinez egingo dugu, 3 Km. baino eztira, eta giharrak berotuko ditugu bide batez.

PONTET DE RIUS (1647 m.; 25')

Pontet de Rius-en, norabide asko erakusten dituen seinale baten aurrean ezkerretara egingo dugu bidezidor aldapatsu bat hartzeko. GR 11 ibilbidearen marka zuri-gorriak ditugu lagungarri. Basoan zehar altuera irabazten jarraituko dugu Restanca aintzirara iritsi arte.

RESTANCA (2010 m.; 1h10')

Aintziraren ertzean izen bereko aterpea dago. Carros de Foc ibilbideak lotzen dituen bederatzi aterpeetako bat da. Inguruko aterpeen artean handiena da, eta eskeintzen dituen zerbitzuen aldetik ondoen dagoenetako bat. Atsedenalditxo bat egiteko toki aproposa, ia igoeraren erdia egin baitugu.

Restancatik Oelhacrestada leporainoko tartea Carros de Foc eta GR 11.18 ibilbideen parte da. Aterpearen sarreratik aintzirara begira ezkerretara jarraituko dugu, hegoekialderantz. Bidea laster hasten da igotzen. Zigi-zaga batzuk eginez altuera irabazten dugu. Restanca aintzirara jaisten den errekara gerturatuko gara, eta honen aldamenetik egingo dugu bide aldapatsuan gora Cap deth Pòrt aintzira heldu arte.

ESTANY DETH CAP DETH PÒRT (2229 m.; 1h40')

Aintzira ezkerraldetik inguratuko dugu, eta aurrez aurre ikusten dugun leporantz igotzen jarraituko dugu, hegoekialderantz.

CORET DE OELHACRESTADA (2475 m.; 2h40')

Oelhacrestada lepoan Aigüestortes i Estany de Sant Maurici parke nazionalean sartzen gara. Metro batzuk jaitsita, bidegurutze batera helduko gara. Seinale bat dago bertan: eskuinera Ventosa i Calvell aterpera; ezkerrera Caldes lepora eta Colomèrs aterpera. Guk ezkerreko bidea hartuko dugu, baina ez denbora askorako. Laster, laugune txiki batetan, ezkerretara bidezidor bat hasten da. Bertatik jarraituko dugu, eta Montardoren hegoaldeko horman gora egingo dugu.

Zigi-zaga batzuen bitartez altuera irabazten juango gara. Horma bukatzen denean egoekialdeko gandorreko lepo txiki batetan aurkituko gara. Tontorra ezkerrean dugu.

MONTARDO (2833 m.; 3h15')

Azkenengo aldapa igo eta tontorrera iritsiko gara. Igoerako bide guztia ikus dezakegu bertatik, eta baita beste mendi asko ere. Besteak beste: mendebaldean Aneto eta Tuc de Mulleres; hegomendebaldean Besiberri; hegoaldean Punta Alta eta Pic de Contraix; hegoekialdean Gran Tuc de Colomèrs eta Tuc de Ratera.

JAITSIERA

Igotako bide beretik jaitsita beste 2h45' inguru beharko ditugu Pònth deth Ressèc-eko aparkalekura iristeko.

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi