Gorramendi eta Alkaxuri, Itzulegi lepotik.

inaxio-k sortua, 2007, urria 24 - 21:53
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Itzulegi lepoa
Eskema Itzulegi lepoa - Bardako kaskoa - Gorostiko lepoa - Alkaxuri - Gorostiko lepoa - Gorramakil - Otanarte - Gorramendi - Itzulegi lepoa.
Lotuta »Alkaxuri, Iruegiko kaskoa (mendi) »Gorramendi (mendi) »Gorramendi eta Alkaxuri Itzulegi lepotik (track)
Gora-behera700 m
Luzera10 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Itzulegiko lepora heltzeko bi aukera dauzkazue: bata autoz joatea, Otsondo mendatetik datorren asfaltatutako bide zabalari jarraituz (edozein autorekin ibiltzeko modukoa da) eta Amaiur aldetik igotzea bestea, oinez, Antzabal muinoaren bizkarrean gora (bide honetatik igo naiz, baina ez dut uste bide egokiarekin asmatu dudanik: PR markekin markatuta egon beharko luke, eta nik ez ditut ikusi).

Otsondo aldetik etorrita, Itzulegi lepora heldutakoan (ERNE, ez da erraza abiapuntu egokiarekin asmatzea), ezker aldetik Aritzakun aldera jaisten den bide zabal bat topatuko dugu, baina EZ dugu hori hartuko. Errepidean Gorramendi aldera aurrera jarraitu eta ezker aldean dagoen adreiluzko eraikin zatar bat topatuko dugu: autoa uzteko leku aproposa da. Haren ondotik abiatzen da pista zabal bat, borda pare baten aldamenetik paseaz... hori ere EZ da bidea. Goraxeago dagoen hurrengo pista da: iturri baten aldamenetik pasa eta gorantz egiten du, bidezidor bihurtuta, baina arrastoa nabarmena da.

Aldapan gora eginez Urtsuko bordara heltzen da (pago batzuen itzalean dagoen borda pare bat), eta ematen du bertan galtzen dela arrastoa, baina ez da hala. Bordaren inguruko larre eremu hori zeharkatuz gero berehala ikusiko duzue arrastoa berriro, pagadiaren itzalean sartzen. Begiraiozue tarte horretan eskubi aldean gailentzen den mendiari: Otanarte da, antena handi batez koroatua: bizkar horretan behera etorriko gara itzuleran.

Bideak IMko isurialdea guztia zeharkatzen du zeharka-zeharka, zenbait kilometrotan, gora-behera handirik gabe. Oso tarte atsegina eta polita da, pagadiaren itzalean gehienean. Halako batean Bardako kaskoa eta Gorramakil lotzen dituen lepora helduko gara.

Nahi izanez gero Bardako kaskora jo dezakezue, baina Alkaxuriko bidea mendiaren ekialdeko hegian zeharka jaisten da, Gorostiko lepora (badira harripila batzuk tarte horretan; arrastoa nahikoa arina da).

Gorostiko lepoan bizkarrari jarraituko diogu. Alkaxuri baino lehenago dagoen beste muino batekin egingo dugu topo lehendabizi (Antsunsardi?), eta bada eskubi aldetik inguratzen duen bidezidor bat, baina merezi du bertara igotzea: bista polita eskaintzen du eta historiaurreko aztarnategi oparoa jasotzen du gainean. Igotzeko aski da ezker aldetik jotzen duen arrastoa jarraitzea, laster jotzen baitu gainera.

Handik aurrera bizkarra jarraitzea aski da Alkaxuriko Hegoaldeko ertzera heldu eta hari jarraituz tontorrera iristeko. Oso tarte polita da hau ere.

Tontorreko egonaldia eginda, Gorostiko lepora itzuliko gara. Lehen bazterrean utzitako bidea baliatu dezakegu horretarako. Nolanahi Barda eta Gorramakil arteko lepora igo behar dugu berriz jaitsitako bidetik eta Gorramakilen bizkarrari ekingo diogu gero, ertzetik gehiegi aldendu gabe. Arrastoa nabarmena da hasieran, baina gora egin ahala arintzen doa. Lainoa izanez gero, ertzari jarraitzea aski da tontorrera heltzeko. Gainalde zabaleko mendia da eta ez dago tontorra markatzen duen ezer (2007ko urria), garai bateko eraikin militarren hondarrak ez badira. Asfaltatutako bide zabal bat topatuko dugu bertan. Bide zabal hori Otanarte eta Gorramenditik pasata Itzulegiko lepora doa, baina ez dago asfaltoa jarraitu beharrik ibilbidea osatzeko.

Bizkarrari jarraituz, neke handirik gabe helduko gara Otanarteko gainera. Antena instalazio handi bat dauka tontorrean, baina besterik ez.

Norabide berean jarraituz eta gorabehera txiki bat eginez helduko gara Gorramendira ere. Gorramendin base militarrak eragindako kaltea nabarmenagoa da eta arrastoak ugariak. Erpin geodesikoa ere bada, baina buzoirik dagoeneko ez.

Abiapuntura itzultzeko bi aukera dauzkazue. Asfaltatutako bideari jarraitzea da nabarmenena, Gorramendi inguratuz jaisten baita Itzulegira, beste eragozpenik gabe. Beste aukera Gorramendi eta Otanarte arteko lepora jaitsi eta Urtsuko bordara jaisten den arrastoa bilatzea da. Arrastoa ez da nabarmena, baina erraz aurkituko duzue (badira harri pila bakan batzuk) jaistean eskubi aldera jotzen baduzue. Halere, arrastoa jarraitu gabe ere, eragozpen handirik gabe jaitsi daiteke hegi horretan behera, aldapa ez da horrenbestekoa.