Skip to main content

Artikutza

Jose·k

2008/12/15 - 21:14

Olajaundegi Jauregia | ©Xirikando (20120421)
Lurraldea

Goizuetako udalerriaren barruan kokatuta egon arren, Donostiako udalarena da Artikutzako barrutiaren jabetza. Elama, Urdallue, Enobieta eta Erroiarri bailaretan zehar hedatzen da, ia erabat basoz estalitako 3.700 hektarea osatuz. Euri gehien jasotzen duen Euskal Herriko ingurunea da Artikutzako barrutia.

Garai batetan Orreagako kolegiata zen Urumea garaiko bailara askoren jabe. Gaur egun oraindik ere ikus daiteke kolegiataren ikurra barrutia definitzen duten zenbait mugarritan. Anizlarrea eta Eliberria izena zuen lurralde zabal honen barruan zegoen burdinola bat eta etxe bat baino ez zen Artikutza. XIX mendeko desamortizazioek eta beste zenbait gorabeherek kolegiataren jabetzak murriztea ekarri zuten, gaur egun barrutiak duen zabalerara mugatuz. 1844an kolegiatak barrutia saldu egin zuen, eta orduan hartu zuen barruti osoak Artikutza izena.

Bai kolegiata lur hauen jabe izan zenean, eta baita gero ere, mendeetan zehar, basogintza, mehatz eta industri jarduera ugari izan zen inguru hauetan. Horren lekuko dira Artikutza, Goizarin, Elama eta Urdallueko burdinolen hondakinak, edota bertako produktuak errazago ateratzeko asmoz jarri zen trenbidearen aztarnak.

Jarduera hauek basoaren atzerakada nabarmen bat eragin zuten, XIX. mendean zehar batez ere, harik eta 1919an Donostiako udalak barrutia hiriburuaren ur-horniketarako erosi, bestelako ustiapenak debekatu eta basoak berreskuratzeari ekin zion arte. Gaur egun ikus dezakegun baso trinko eta aberatsa orduko birlandaketen eta denboraren joanaren emaitza da.

Barrutiaren erdigunea Artikutzako herriak osatzen du. Orri honetako koordenatuak toki horri dagozkio, hain zuzen ere. Bertara kotxez iristeko dagoen bide bakarra Oiartzundik abiatzen da, Bianditz mendatea gainditu, eta herrira jaisteko. Baina Artikutzara kotxez sartzeko Donostiako udaletxearen baimena behar da. Bestela ezin da Eskaseko atezaindegitik haratago joan. Baimena nola lortu, Donostiako udalaren webgunean azaltzen da.

Eskasetik jaisten den errepideaz gain, Artikutzako barrutira sartzeko beste bi sarbide nagusi daude. Bata, Goizueta aldetik datorren bidea, Arriurdiñetako ataka zeharkatuta Elama bailarara sartzen dena. Bestea, Añarbe errekan gora, Artikutza eta Elama errekak elkartzen diren tokira, eta handik herrira iritsi arte.

Herriaren ondoan, Enobietako urtegia dago. 1947 eta 1953 urteen artean eraikia, Artikutza errekak Añarbeko urtegira isurtzen duen ur emaria erregulatzen du. Urtegia inguratzen duen bide bat dago, bospasei kilometro luze den pasio lasaia.

Urtegia inguratzen duen bospasei kilometrotako bidean zehar egin daitekeen pasio lasaiaz gain, mendi irteera ugari egin daitezke barrutiko bazter ezberdinak ezagutuz. Jende gehien batzen duen ingurunea Bianditz tontorra da, izen bereko mendatetik igoera labur eta polit bat baino ez baita egin behar tontorra harrapatzeko. Gainontzeko bideetan askoz ere jende gutxiago ibiltzen da. Batzuk aipatzearren:
· Eskasetik Burnaiztegiko lepora Bianditzen hegoaldeko magala zeharkatuz, Bianditz igo, eta Eskasera itzuli.
· Eskasetik herrira jaitsiera Erroiarri ur-jauziaren ondotik igarota.
· Eskasetik herrira jaitsiera trenbideak utzitako bidetik.
· Herritik Bidango Gañera, eta Burnaiztegiko lepotik Bianditzera.
· Herritik Izura igoera.
· Herritik abiatuta, Elama bailaran gora Arriurdiñetako atakara, eta mendi-bizkarrari jarraituz Loitzatera igoera.
· Barrutiaren itzuli osoa (oso luzea).

Ondorengo helbideetan informazio gehiago aurki daiteke:
http://www.donostia-artikutza.org/
http://www.euskaraz.net/Argitalpenak/Ibilbideak/15
http://www.ingeba.euskalnet.net/liburua/ludicos/ludic12.htm

Altuera
316 m
Zein udalerriren baitan
Goizueta

Komentariorik ez..

Mapako edukiak aukeratu

Zein eduki erakutsi










Edukia erantsi

Zer erantsi nahi duzu?

Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.

Near targets

San Agustin eraikina (89 m.) ·

Waypoints

Argazki berria erantsi