Skip to main content

Irañeta .. Madalenaitz ibilbidea

inaxio·k

2004/05/27 - 00:00

Abiapuntua
Irañeta
Zailtasuna
Zaila
Iraupena
4 ordu
Lurraldea

Irañetako kaleen bukaeraraino joan eta ibaiaren ertzean abiatzen den pista zabalari jarraituko diogu. 200 metro aurrerago zubia zeharkatuko dugu baina ibaiaren bazterreko pista aukeratuz berriro. Hala, 400 m. aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo. San Migel ermita txikia dago bertan. Aurreko norabidea aldatu gabe, mendi aldera jotzen duen bidea aukeratu eta 400 m. aurrerago etxe bat eta langa batekin egingo dugu topo. Langa pasa eta bidea errekara arrimatzen da, baina lehengo pista zabala izaten jarraitzen du. Halako baten, Madalalenaitzen iparraldeko horma zuzena ikusten hastearekin batera bidegurutze berri batera helduko gara: oraingoan erreka pasa eta eskubi aldera jotzen duenari ekin behar diogu.

Gogor ekiten dio pistak aldapari lehenengo kilometroan, baina pixkanaka pixkanaka aldapa arintzen doa eta beste bi km inguru egiterako lepo eta bidegurutze batera heldu da. Orain arteko bidea behera egiten hasten da han, baina HEra jotzen duen adar bat uzten du eskubi aldean. Pista belartsu zahar baten marraztutako senda bat da, luze gabe (400 m.) Madalenaitzen gandorrera eramango gaituena.

Gandorrari jarraitu behar diogu handik aurrera, Mendebaldera. Erraza eta atsegina da bidea hasieran, baina aurrera egin ahala basoa eta txara ugaritu eta trinkotzen doa, harik eta ezpela nagusitu eta bideak itxi eta ikusmira kentzen hasten den arte. Ez da erraza bidearekin asmatzea handik aurrera eta bada oraindik puska bat ibiltzeko. Erne ibili beharra dago arrastoa galdu gabe, izan ere tarte batean aldaparik ere ez da nabari. Antolatutako ibilbideren baten seinaleak atzeman daitezke oraindik (2004-5-27): adarretan lotutako plastiko zintak, pasabidea errazteko moztutako adaskak, oinazpiko lohiaz zikindutako harriak, harripilaren bat han eta hemen... Buzoia eta tontorra Mendebaldeko muturrean daude, txarak hartutako eremuan.

Bada bide laburrago bat, jaitsierarako erabili dudana, baina zaila da azaltzen asmatzea (GPSa aldean nuen, baina pilak agortu zaizkit). Halere norbaitek aurkitzen saiatu nahiko balu, horra: tontorrerako bidean pagadi eremu bat pasatuko dugu, azken aldapa baino lehen dagoen lepoan, tontorretik gertu. Handik Iparraldera basoak estalitako aldapa handi bat dago, zailtasun handirik gabe jaitsi daitekeena bidearekin asmatuz gero, izan ere soka luze bat dago jarrita han, aldapan behera (edo gora) egiteko lagungarri gisara. Igoeran erabili dugun pistara ateratzen den beste basoko pista batera jaisten lagunduko digu soka honek, itzulera laburtuz. Alde honetatik jaistea otuz gero, kontu handiz ibili inguru horretan, erne amildegian sartu gabe!

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi