Skip to main content

Lizarraga .. San Adrian ibilbidea

inaxio·k

2005/05/01 - 00:00

Abiapuntua
Lizarraga
Zailtasuna
Zaila
Iraupena
6 ordu
Lurraldea

IGOERA

Lizarragatik errepideari jarraituz abiatuko gara. Adi egon herriaren irteeran bertan dagoen bihurgunean, izan ere han azaldu behar dugu itzuleran, bertara igotzen den porlanezko pistan gora. Oraingoz errepideari jarraituko diogu hurrengo bihurgunera, baina bihurgunea baino metro batzuk lehenago eskubi aldetik bereizten den harrizko pista hartu behar dugu. 200 metro aurrerago pista bitan banatzen da eta guk ezkerrean gora abiatzen dena aukeratuko dugu. Pista honi jarraitu behar zaio puska batean, sigi-saga lehendabizi, mendebaldera gero (~ 600 m) eta hegoaldera azkenik (~600 m), San Adriango iparraldeko karaitzezko horma topatu arte.

Handik gora pista zahar baina eroso batek hormaren oinetik (kobazulo handia) mendebaldera jotzen du, burkaila saihestuz, kilometro baten buruan mendebaldeko lepora heldu arte (Lizarragako mendate zaharra). Handik tontorrera heltzeko ezker aldeko gandorrari jarraitzea aski da.

LIZARRAGAKO PORTURA

Lizarragako portu berrira (errepidea duena) joateko bi aukera ditugu, bata Han handik datorren pista zabala bilatu eta hari jarraitzea eta gandorreko haitzak ikusiz joatea bestea. Ermita dagoen lekutik Han bertan dagoen muinoa ezker aldetik saihesten hasi eta bertan topatuko dugu bide baten arrastoa. Pistara heltzeko aski da minutu gutxitan Hra jotzea, gandorrari ekiteko berriz, han bertan sartu behar dugu harri artera. Gandorrak gora-behera asko du, baina alde gutxikoa da gora-behera hori eta zailtasun handirik gabe pasa daiteke mutur batetik bestera, aspertu arte (nekagarria ere gerta daiteke harri artean ibiltzen ohituta egon ezean). Aspertuz gero, noiznahi jo dezakegu lehenago aipatutako pista errazera, bertan gelditzen baita.

PORTUPEKOLEZEA

Lizarragako kilometro bat falta dela (x580039, y4745995), gandorretik nahiko gertu baina ez oso nabarmen, kobazulo polit bat topatuko duzue arreta jarriz gero (eskubi aldean gelditzen da, gandorrean bertan hazitako pago ziztrin batzuen ingurutik pasa eta berehala). Ikusgarria da oso bere ahoaren aurrean duen harrizko arkoarengatik.

SARATSA / USABIDE

Ibilbide berean EHMKko beste mendi bat harrapatu nahi izanez gero Saratsa / Usabide gertu gelditzen da portuaren (tunelaren) beste aldean. Aski da harrobiaren gainetik pasa eta ertzari jarraitzea. Bigarren tontorrean dago buzoia. Itzultzeko Han ikusten den pista erabil daiteke (honezkero harri gainean ibiltzeaz nazkatuta egon beharko zenukete esan bezala ibili bazarete).

JAITSIERA

Errepidez jaitsi daiteke herrira, baina oso luze egiten da, hobe da lasterbideak erabiltzea. Tunela zeharkatu eta irteeran bertan eskubi aldetik jaisten den pista bilatu behar dugu. Errepidera eramango gaitu berriro honek, baina errepidea gurutzatu eta bestaldean bertan jarraitzen du bideak, ezker aldera joz, pagadian barrena (hasieran pista ez da hain garbia, baina berehala nabarmentzen da gero). Norabide beretsuan jarraituz errepidera aterako gara berriro, bihurgune itxi batetik 100 metrora. Aurreko txandan bezala, errepidea gurutzatu eta beste aldean, 10 metro gorago, jarraitzen duen pistara joko dugu berriro eta hari ekingo diogu, hirugarren aldiz errepidea topatu arte. Ez dago oraingoan asfaltoari ihes egiterik, errepidez jarraitu beharko dugu 500 bat metrotan. Adi egonez gero ordea halako batean harpauso bat ikusiko duzue eskubi aldean: hura pasa eta herrirako bidea erraztuko digun larre baten sartuko gara. Bideak nahikoa deseginda daude, baina ez da zaila asmatzen, herria bistan gelditzen baita piska bat aurreratuz gero.

HAINBAT DATU

Luzera: ~13km. Iraupena: 5 ordu (aitzakia: denbora asko ematen dut nik argazkiak ateratzen). Gora-behera guztira: ~1000 m., gandorreko haitz guztierata igoaz, Saratsa barne. Noiz egina: 2005eko apirilaren 30ean.

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi