Peña Viejara igoera La Jenduda kanaletik zehar

Jose-k sortua, 2006, urria 13 - 22:47
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Cantabria
ABIAPUNTUA Fuente Dé
Eskema Fuente Dé - La Jenduda kanala- La Vueltona - La Canalona lepoa - Peña Vieja - La Canalona lepoa - La Vueltona - El Cable - Fuente Dé
Lotuta »Peña Vieja (mendi)
Gora-behera1600 m
Luzera11.2 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Fuente Déko teleferikoaren azpialdean dagoen aparkalekutik abiatuko gara. Aurrez aurre, gainditu beharreko lehenengo oztopoa dugu: teleferikoak minutu gutxitan gainditzen duen 800 metrotako kare-haitzezko hormatzarra. Hormaren erdialderarte igotzen den bidea garbi ikus dezakegu, ezkerretik eskuinera belarrezko maldan zeharka igotzen. Baina hortik aurrera nekeza da bideak nondik jarraitzen duen antzematea, eta badirudi ez dagoela horma gainditzerik eskalatu ezean.

Badago ordea bide bat. Teleferikoaren goiko geltokia (El Cable) baino dezente ezkerrerago, hormen artean zirrikitu bat antzematen da. La Jenduda kanala. Horma gainditzeko dugun pasabidea.

Horma gaindituta, igoeraren erdia gainditua izango dugu. Horcados Rojos leporantz doan bidea jarraituko dugu, Cabaña Verónica baino zertxobait lehenago bidea utzi, eta La Canalona lepora igo ondoren Peña Vieja mendebaldetik igo dezagun.

FUENTE DÉ (1078 m.)

Aparkalekuaren bukaeran hezia zeharkatu eta zelaigunearen ezkerreko ertzetik gorantz egingo dugu. Hasieran bidea ezta batere nabarmena, baina gora goazen heinean gero eta garbiago ikusiko dugu.

Bihurgune bat ezkerrera, eta laster beste bat eskuinera. Zuhaitzak atzean utziko ditugu. Hemendik aurrera ibilaldi guztian ez dugu zuhaitz bakar bat izango bide ondoan. Maldan gora goaz zeharka.

Laster bidegurutze batera iritsiko gara (15’). Ezkerreko bidea Vega de Liordesera doa. Guk zuzen aurrera jarraituko dugu. Fuente Dé eta Deva ibaiaren goialdearen ikuspegi ederra izango dugu tarte honetan. Hegoaldean Coriscao nabarmentzen da.

Teleferikoaren kableen azpialdera iritsi baino lehen bideak ezkerrerako bihurgune itxi bat hartzen du. Zertxobait aurrerago, adi! Bideak eskuinera bihurgune itxi bat hartzen duen tokian (33’) dakargun norabide berean jarraitzen duen bidexka bat dagoela ohartuko gara. Bertatik jarraitu behar dugu.

Sigi-saga gora egiten du bideak, gero eta aldapa handiagoarekin, eta gero eta harri gehiagorekin. Tarte batez bidea ezta oso nabarmena. Goialdean hiruki itxurako haitz zurixka bat erreferentzia bezala hartuko dugu, bere barrenera iritsi behar baitugu.

LA JENDUDA

Haitz honen ezkerretik pasatu eta La Jenduda kanalean sartuko gara (53’). Haitzarte ikusgarria, estua, sakona eta oso aldapatsua. Hasieran nahiko zabala da, baina laster estutu egiten da, eta punturik estuenean haitz handi batzuk bidea ixten dute. Eskuinaldean dagoen soka bati esker arazorik gabe gaindituko dugu pasarte hau.

Nekez egingo dugu aurrera, aldapa handia gutxi balitz ere, harri solteak izango baitugu oinpean kanalaren igoera guztian. Arretaz ibiltzea komeni da, beherago datozenei harririk bota ez diezazkiegun.

Kanaletik irten ondoren (1h20’), aldapa txiki bat jaitsi eta sakonune bat zeharkatu beharko dugu luzetara, iparralderantz.

Sakonunetik irtetean (1856 m.), El Cablera joan nahi badugu, eskuinerantz egin beharko dugu, hego-ekialderantz. Baina gure gaurko helmuga Peña Vieja denez zuzen jarraituko dugu, iparralderantz, Hoyos de Lloroza sakonunearen eskuinaldetik, Peña Olvidadaren barrenean Horcadina de Covarrobres lepotik La Vueltonara doan bidea harrapatu arte (1h40’).

LA VUELTONA (1960 m.; 1h47’)

Bide honek ipar-mendebalderantz egiten du, aldapa gutxirekin. La Vueltona izeneko bihurgune itxi batetan dakargun norabidean jarraitzen duen bidezidor bat dago. Bertatik joko dugu, aldapa gogorxeagorekin, Peña Viejaren hego-mendebaldeko magaleko hartxingadia zeharkatuz.

Aurrerago, tarte bat sigi-saga igoko dugu, eta bidegurutze batetara iritsiko gara (2h17’). Cabaña Verónica izeneko aterpea begi bistan dugu, eguzkitan diz-diz. Aterpe horretara zein Horcados Rojos lepora joan nahi bagenu bidea jarraitu besterik ez genuke. Baina eskuineko bidea hartu behar dugu.

Orain ere zeharka igotzen jarraitzen dugu, baina kontrako zentzuan, mendia ezkerrean dugula. La Canalona orratzaren azpitik igaro eta hartxingadiz estalitako kanal labur bat igota La Canalona lepora iritsiko gara.

LA CANALONA LEPOA (2444 m.; 2h38’)

Santa Ana eta Peña Vieja tontorren artean kokatuta, azken honen mendebaldeko isurialdearen ikuspegi ederra eskaintzen digu lepo honek.

Eskuinaldetik joango gara, altuerarik galdu gabe Peña Viejaren azken maldara gertura gaitezen. Bidea oso nabarmenena da.

PEÑA VIEJA (2613 m.; 3h)

Azken malda gogor baina laburra igo eta Peña Viejaren tontor estura iritsiko gara. Ez dago egoteko leku gehiegi, baina ikuspegia zoragarria da edozein aldetara begiratuta ere.

JAITSIERA

Jaitsiera bide beretik egingo dugu La Vueltonararte, eta zertxobait gehiago. Baina ezkara La Jenduda kanalerantz desbideratuko. Bidetik jaisten jarraituko dugu. Horcadina de Covarrobres lepoan El Cabletik Álivara doan bideari elkartuko gatzaizkio. Eskuinerantz joko dugu, eta laster El Cablera iritsiko gara (1834 m.; 4h25’). Ondorengo teleferikoaren zain egon, eta bi minututan Fuente Dén egongo gara. Igotzea horrenbeste kostatu zaigun aldapa aitaren batean jaitsi dugu.

Oharrak:

Ibilaldi hau, bere osotasunean, mendizale zailduentzako bakarrik da. Ez dago zaitasun tekniko aipagarririk, sokaz lagunduta igo behar den La Jenduda kanaleko pasartea baino ez, eta ez da ibilbide luzea, baina igotzen den altuera handiak, 1600 metro, egoera fisiko ona eskatzen du.

Jende gehienak hartzen duen aukera, El Cablera teleferikoz igotzea da. Hortara igoeraren erdia jaten da, eta 2 ordu eskaseko igoera errez bihurtzen da.

Bestalde, bide osoan ez dago iturririk, ez eta gerizperik ere. Ura edo beste edozer hartzeko aukera bakarra El Cableko taberna da.