Skip to main content

Isabeko aintziratik Sesquesera igoera ibilbidea

Jose·k

2007/12/06 - 20:48

Mapako edukiak aukeratu

Zein eduki erakutsi










Edukia erantsi

Zer erantsi nahi duzu?

Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.

Near targets

Abiapuntua
Bitet bailara
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
1900 m
Eskema
Bitet bailara - Isabeko aintzira - Pic de Sesques
Luzera
18.50 km
Iraupena
8 ordu
Lurraldea

Jarraian azaltzen den ibilbideak, Ossau ibaiaren ertzetik abiatuta Bitet bailaran gora Isabeko aintzira ederrera eramango gaitu, eta gorantz jarraituta, inguruko garaiena den Pic de Sesqueseko tontorra harrapatzea ahalbidetuko digu. Igoera erraza da, baina gainditu beharreko gora-behera handia.

BITET BAILA

Ossau bailaran, Les Eaux-Chaudes herria baino hiru kilometro gorago, Miégebat zentral hidroelektrikoa dago. Eta hau baino hau baino kilometro erdi gorago, errepide nagusitik eskuinera irteten den bide bat dago. Bide honen hasiera izango dugu ibilaldiaren abiapuntua (750 m.). Autoa bidearen hasieran, edo errepide nagusiaren bazterrean utz dezakegu. Egia esan bide honetatik gora joan daiteke automobilez kilometro t'erdi pasatxo, baina nahiko bide takarra da, hasieran batez ere.

Oinez zein automobilez, bide honetatik aurrera egingo dugu, Bitet bailaran gora aldapa lasaiarekin. Bailararen behealde hau erabat estaltzen duen baso oparoak ia ikusten uzten ez digun arren, gure eskuinean, bidea baino zenbait metro beherago dagoen errekaren hurbiltasuna nabarmena da, bere jauzi ugarien soinua guregana iristen baita.

Aipatutako kilometro t'erdia ibilita (20'), bidea bitan banatzen da erreka zeharkatzen duen zubi batengandik hurbil. Eskuinekotik, zubi gainetik pasatu eta mendi-magalez aldatuta igotzen jarraituko dugu. Automobilez hemendik aurrera joatea debekatuta dago.

Bide hau, Miégebat zentralerako ura daraman kanal batentzat ura biltzen duen urtegi txiki baten oinean bukatzen da (1150 m.; 55'). Erreka gurutzatu eta basoan gora doan bidezidorretik joko dugu harri pilak jarraituz. Isabeko basoa izenaz ezagutzen da ingurune honetan eguzki argia nekez iristen da bide aldapatsua argitzera.

Lepo batetara iristean bidegurutze batekin egingo dugu topo (1h10'). Ezkerreko bidetik jarraituko dugu, lau xamarra den tarte labur baten ondoren berriz ere aldapan gora sigi-saga luzean, bidezidor garbitik.

Basotik irtenda (1480 m.; 1h25'), zuhaixka eta landare ugariz estalitako maldan gora jarraituko dugu. Bidea oso garbia da, eta ez dugu galtzerik, baina malda gogorra da eta luze egiten da. Eskuinaldean Isabeko aintziratik behera datorren errekak egiten dituen jauziak ikus ditzakegu.

Haitz baten azpialdetik pasatuko gara, jarraian bere gainetik, eta ondoren bideak eskuinerantz egiten du errekaren bila. Erreka harrapatu orduko, Isabeko aintzira ederra zabalduko da gure aurrean.

ISABEKO AINTZIRA (1925 m.; 2h10')

Zirku txiki baten barrena erabat estaltzen du aintzirak. Zirkuaren gainaldean Sesques dugu aurrez-aurre. Paisaia zoragarria, eta toki aproposa geldialdi bat egin eta indarrak berritzeko, igoeraren azkenengo zatiari ekin aurretik.

Aintzira inguratzen duten malkarrak ezkerraldetik gainditu behar ditugu. Horretarako, aintzirara iritsi garan puntutik ezkerrerantz joko dugu, hego-ekialderantz, belardi batetan zehar doan bidezidorrari jarraituz, eta aintziratik urrunduz.

Bide honek hegoalde norabidea hartzen du gero, eta hego-mendebaldea aurrerago, aintzira inguratu ahala altuera irabaziz. Konturatu orduko aintzirako urertzetik ikusi ditugun malkarren gainean egongo gara.

Gainalde hau haitz eta belarrezko malda leun batek osatzen du. Hego-mendebalde norabidearekin jarraituko dugu, Sesquesen tontor nagusiaren eskuinean dagoen tontor txikiaren bila. Tarte honetan arretaz ibili beharra dago, ezpaita erraza bide zuzena jarraitzea. Bidea harri-pilez adierazita dago, baina badira zenbait harri-pila lagundu baino gehiago bidetik atera gaitzaketenak. Kontuz ibili, beraz! Edozein kasutan ere, bidetik irten arren hego-mendebalde norabidea jarraitzen badugu ez dugu arazorik izango.

Sesquesen barrenera hurbiltzen garan neurrian gero eta argiago ikusiko dugu gandorrera nondik igo behar dugun. Sesquesen tontor nagusiaren eskuinaldean txikiagoa den tontor bat dago, bien artean ekialde-mendebalde norabidea duen gandor bat osatzen dutelarik. Tontor horretatik aurrera gandorrak altuera asko galdu eta norabidez aldatzen du, iparralderanz, eskuinaldean dugun Isabe tontorrarekin lotzeko. Aipatutako tontor txikira igo behar dugu. Bere barrenean gaudenean hartxingadian gora joko dugu, eta ondoren eskuinerantz egingo dugu, zeharka gandorra harrapatu arte. Tarte hau ez da zaila, baina aldapa handiak eta harri solteek kontu pixka batekin igotzea eskatuko digute.

Gandorreko tontor txikitik (2583 m.; 3h35') Sesqueseko tontorrera joateko, ekialderantz jotzea baino ez dugu, zailtasunik gabeko gandorra jarraituz.

PIC DE SESQUES (2606 m.; 3h45')

Bi tontorren arteko lepora jaitsi eta azkenengo malda igota Sesqueseko tontorrera iritsiko gara, eta... Arraioa!! Nork jarri ditu antena batzuk hemen!! Antenek tontorra zerbait desitxuratzen badute ere, eta xarmaren zati bat galdu arazten badiote ere, ikuspegi ederra goza daiteke Sesquesetik. Auñamenditik Balaitus arteko mendi guztiak ikus daitezke.

Bidean ikusi beharrekoak
Arrastoa
Eranskina Tamaina
sesques.plt 49.23 KB
sesques.rte 4.63 KB
sesques.wpt 1.74 KB
sesques.gpx 88.46 KB
Oharrak
Ibilbidearen behealdean, Bitet bailara itxia izatearen eta basoz estalita egotearen erruz GPSak ez zuen arrastoa behar bezala hartzerik izan. Nolanahi ere tarte horretan bide zabal bat jarraitu besterik egin behar ez denez, ez dago galtzerik.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi