Auza, Iñarbegi auzoa ezagutuz

ietxaburu-k sortua, 2007, abendua 26 - 22:36
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Erratzu
Eskema Erratzu, Gorostapalo, Iñarbegi, Auza, Basagar lepoa, Iñarbegi, Erratzu
Lotuta »Auza (mendi) »Auza, Iñarbegi auzoa ezagutuz (track)
Gora-behera1425 m
Luzera27 Km
Iraupena6:00 - 8:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Erratzu herritik abiatuta, Gorostapalo auzora doan kamioa jarraituko dugu. Auzoaren sarreran, Salbea otoitz egiteko dioen ermitatxoa igaro ondoren, ezkerretara, errekara jaisten den bidea hartuko dugu. Zubia igaro eta berrogeita hamar metrora, ezkerretara Iñarbil auzora doan bidea utzi eta guk eskuinekoa jarraituko dugu. Aurreraxeago, berriro bi aukera ditugu: behekoa jarraituz, denbora gutxian Xorroxin ur jauzira iritsiko ginateke, baina guk ezkerrekoa, gorantz egiten duena jarraitu behar dugu. Bost bat minutura, erdi borda erdi baserri batera iristear gaudenean, bide zabaletik eskuinetara bide xumeagoa ateratzen da eta guk hortik jarraituko dugu. (Bide gurutze guzti hauetan, marra zuri/horiak daude, jarraitu behar dugun bidea seinaluz)

Orain goazen bidea, zoragarria da. Erreka nagusia behealdean, erreka txikiak zeharkatuz, gaztainondoak bide ertzean, zenbaitetan harlauza ederrez bidea.... eta hori gutxi ez dela, malda gutxikoa. Horrela, Erratzutik Iñarbegi auzora doan kamiora irtengo gara eta hamar bat minutu kamiotik jarraituz Iñarbegi bailara zabalaren hasieran, kamioaren goialdean dagoen trikuharria ikusteko paradan gaude. (1:15).

Hego aldera, kamiora berriro jaitsita, ekialdera dauden baserrietara doan kamioa jarraituko dugu, baina berehalaxe, ezkerretara gorantz doan pista jarraituko dugu. Beste minutu gutxira, berriro ere ezkerretara gorantz doana hartuko dugu. Bide zabal hau, aurrera jo ahala, otez gero eta estaliago dago eta aldamenetik doazen oin arrastoak jarraitzea hobe. Bidearen noranzkoa, ipar-ekialderakoa da. Lehen aipatutako trikuharritik ordu erdira, 180 graduko hiru bihurgune ia jarraian egiten du bideak eta hortik aurrera oterik gabe, mendebalderantz, mendiaren bizkarraren gaina hartuko dugu.
Orain bizkarraren gainetik lehenengo ekialderantz eta gero ipar-ekialderantz, malda gutxiko kilometro bat egin beharra dugu, garai bateko harrobitxo baten aztarnen ondotik. Auza tontorra, aurre aurrean daukagu eta ez dago inolako zalantzarik.
Auza tontorraren azpira iristeko, tontor harritsu bat inguratu behar dugu ezker aldetik. Behin tontorraren azpian, haitzak bidea eragozten dutela dirudi, baina bideak haitzen eskuin aldera jotzen du eta korridore antzeko batetik gora eginez, bizkar estu gainera iritsiko gara. Beste 100 metro pasatxo igo eta goiko tontor zabalean gaude (3:00)

Orain, tontorretik hego-ekialderantz jaitsiko gara Sakanako Lepoaren bila eta hortik hegoalderantz eta geroago hego-mendebalderantz, sasi-muga egiten duen bizkarra jarraituz, zenbaitetan bizkarraren gain gainetik eta bestetan tontorren eskuin aldetik, ezker aldean Errobi bailara eta eskuin aldean Iñarbegi auzoa, beti ere bide arrastoak eta zenbait marra gorri jarraituz. Horrela, Argainetako Haitza eta Urruskaren artean dagoen lepo zabalera iritsiko gara. (4:30).
Bizkar nagusiak, Urruskaren beste aldean dagoen Berderizko lepora jarraitzen du, baina guk Urruskatik ipar-mendebalderantz ateratzen den bizkar apalagoa hartu behar dugu. Horretarako, tontorraren eskuin aldera bidetxo bat igotzen hasten da (marra gorriak zuhaitzetan), baina bost minutu baino lehen, ipar mendebalderantz jaisten hasi behar da basoan zehar (nik marra gorriak galdu egin nituen). Zuhaitzak desagertuz, belardi zabaletara iritsiko gara eta berriro zuhaitzen hertzetik, (beti ipar-mendebalderantz), bi trikuharriren ondotik igarota, Basagarko lepora iritsiko gara. (5:00)

Hemendik pista zabal bat jarraituz, Iñarbegi auzora berriro jaitsiko gara eta bi baserriren aurretik igaro ondoren, kamioak bi aukera eskaintzen ditu. (Hemendik aurrera, berriro marra zuri eta horiak) Eskuinekoa Erratzura doa. Ezkerrekoa, (beherantz) hartuko dugu eta laster, kamioa utzi eta eskuinera (ipar-mendebalderantz) ateratzen den bidea jarraituko.

Minutu gutxi beharko ditugu errekaraino iristeko eta zubia igaro ondoren, bideak ipar aldera hartzen du, oraindik jaisten hasi gabe. Aurreneko, borda baten ondotik igarotzen da eta gero (zubitik kilometro eta erdira gutxi gora behera), aurrean (ipar aldera) pixka bat beheraxeago, belardi baten erdian, hustutako baserri eder bat izango dugu. Baina puntu honetan, bideak pixka bat gorantz mendebalderantz jotzen du. (erne, marra zuri/horiak jarraitu), eta erreka baten gainetik igaro ondoren berriro ipar alderantz hamar bat minutu eta aurrerantz doan bidea utzita, eskuinetara beherantz ateratzen dena hartuko du.

Bost minutu beranduago borda baten ondotik igaroko gara eta laster zuhaitzak atzean utzita, belardietara iritsiko gara. Berehalaxe, eskuinetara, Gorostapalora minutu gutxian jaisten den bidea utziko dugu eta aurrera jarraitu, behi granja batzuen ondotik igarota, Erratzutik gertu, herri honetatik Gorostapalora doan kamiora ateratzeko. Beste hamar minutu beharko dugu Erratzura iristeko. (7:00)

Oharrak:

Ibilaldi honetan azaldutako Erratzutik Iñarbegirako igoera eta auzo honetatik Erratzurako itzulera, gaztetxoekin egiteko ibilaldi oso erraz eta polita da.