Skip to main content

Puente Coronasetik Ballibiernara igoera ibilbidea

Jose·k

2008/12/30 - 19:30

Abiapuntua
Puente Coronas
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
1200 m
Eskema
Puente Coronas – Pleta de Llosás – Ballibiernako aintzirak – Gelat aintzira – Ballibierna
Luzera
14.00 km
Iraupena
5 ordu
Lurraldea

Ibilbide honek, Ballibiernara igotzeko aukera erraz bat proposatzen du. Ballibierna bailaran gora igotzen den bidea amaitzen den tokitik abiatuta, Puente Coronasetik alegia, GR 11a jarraituz Ballibiernako aintziretara igoko gara, eta GRa utzita aldapan gora joko dugu Gelat aintzira dagoen sakonunearen bila, eta behin han, tontorrera ekialdetik igotzeko.

PUENTE CORONAS (1.950 m.)

Zubia zeharkatu eta mendebalderantz doan bide zabaletik abiatuko gara. Bidegurutze bat aurkituko dugu laster. Ezkerreko bidea Coronas aintziretara igotzen da. Guk eskuinekoa hartuko dugu, Llosáserantz. Bide honek, pinudiak eta larreak tartekatuta dauden eremu polit batetan zehar Ballibierna bailararen barrenera eramango gaitu. Ballibierna tontorraren ikuspegi eder batez gozatu ahal izango dugu.

Bideak ezkerrerantz egiten du, eta aldapa zertxobait tentetzen da. Errekasto baten aldamenetik igaroko gara, eta laster Pleta de Llosás izenaz ezagutzen den laugune batetara iritsiko gara.

PLETA DE LLOSÁS (2.190 m.; 30')

Laugune honetan Llosáseko aintziretatik datozen urak Ballibiernako aintziretakoekin elkartzen dira. Modu berean, bidea ere bitan banatzen da. Guk Ballibiernako aintziretara joan behar dugu. Horretarako eskuineko bidea hartuko dugu, laugunera sartu gabe, errekastoa zubitxo baten bitartez zeharkatu eta hego-mendebalde norabidearekin igotzen jarraitzeko.

BALLIBIERNAKO BEHEKO AINTZIRA (2.420 m.; 55')

Ballibiernako beheko aintzirara iritsiko gara, bertatik irteten den errekastoaren aldamenetik, eta iparraldetik inguratuko dugu, aintzira gure eskuinean utziz. Bailararen erdian dagoen tontor txikiaren eskuinetik jarraitzen du bideak, Ballibiernako goiko aintzira igotzeko.

BALLIBIERNAKO GOIKO AINTZIRA (2.475 m.; 1h15')

Honaino GR 11 ibilbidea jarraitu dugu. Oso bide nabarmena izan da, eta gainera marka zuri-gorriak eta zenbait seinale lagungarri izan ditugu. Orain ordea GR bidea utzi eta eskuinerantz jo behar dugu, hego norabidearekin, maldan gora zuzen-zuzen, nekez antzematen den bide bat jarraituz. Tarte hau oso neketsua egiten da. Mendi-bizkar zabal batetara iritsiko gara (1h45'). Altuera galdu edo irabazi gabe, hego-mendebalderantz joko dugu, Gelat aintzira aurkitu arte.

GELAT AINTZIRA (2.755 m.; 1h50')

Garaiera hauetan harria besterik ez dugu aurkituko, ez baita ia belarrik hasten. Hegoalderantz jarraituko dugu, hartxingadian gora egiten duen bide nabarmenaren bila. Bide honek ekialdeko tontorrera eramango gaitu (3.038 m.; 2h20'). Tontor nagusira iristeko, inolako zailtasunik ez duen gandor zorrotz xamarra zeharkatzea baino ez zaigu falta.

BALLIBIERNA (3.067 m.; 2h30')

Oharrak
Udan autobus zerbitzua egoten da Benasquetik eta Plan de Senartatik Puente Coronasera.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi