Tx. Nanki GMren txartelontziak
Tx. Nanki GMren txatelontzien kokapena Jakin badakit iruzkin xume hau tontakeria irudituko zaiola bat baino gehiagori, baina, zer erranen dut, aspaldidanik nuen gogoa txartelontzi bitxi hauei buruz aritzeko eta orain aukera dudanez, ezin eutsi gogoari. Nik dakidanez, Tx. Nankiren hamazazpi txartelontzi daude gaur egun Nafarroako mendietan. Hemezortzigarren bat izan zen, Aldaxurren, baina aspaldi desagertu zen... eta Txargaingoa ere desagertzeko bidean dago, estalkia galdu eta erabat herdoildurik baitago. Tx. Nankiren txartelontziak lau motatakoak dira: gehienek zilindro txiki baten eitea dute, soila eta gotorra. Beste hiru (Xuriain, Urrizkain eta Mendilatzekoa) zilindrikoak dira ere, baina tamaina handiagoak. Hiru piramidetxo daude (Jaun Done Jakue, Berrendi eta Alaitz) eta etxetxo itxurako beste hiru (Mendigaña, Lareki eta Artzabal) Ezaugarririk deigarrienetako bat haien kokapena da. Mapan ikus daitekeen bezala, denak Nafarroako zonalde jakin batean pilatzen dira: gehen-gehienak ipar-ekialdeko mendietan. Txargain eta Alaitzkoak zonalde horretatik kanpo gelditzen dira. Datak ere anitzak dira: lehenbizikoak 70eko hamarkadaren amaieran jarriak dira. Azkenekoak 90ekoan jarri ziren. Eta hain aspaldikoak izanik ere, badirudi norbaitek segitzen duela arduratzen buzoien kontserbazioaz, aspaldi honetan bat baino gehiago margotu berri aurkitu baitugu, herdoilaren aurkako margo laranjarekin. Tira, horixe da txartelontzi horiei buruz dakidana. Norbaitek beste argibiderik balu, eskertuko nioke informazio hori helarazi edo webguneari bidaltzea. Eta Tx. Nanki GMko norbaitek hau irakurriko balu, agur mendizale bat, eta eskerrik beroenak zuen lan isilagatik, beti plazer bat baita zuen txartelontziak aurkitzea. |
|
Mapatxoan Mendilatz falta da
Zuriain, Tx. Nanki GMren txartelontzien mapatxoan Mendilatz falta da... Edo hobeto esan, okerreko izenarekin ageri da. Zerrendako 4.a ez al da Mendilatz, Aldaxur beharrean?
Kaixo, Jose. Gaur arte ez
Kaixo, Jose. Gaur arte ez dut zure mezua ikusi. Arrazoi duzu, Aldaxur bi aldiz dago zerrendan, eta Mendilatz falta da. Aldatuko dut mapa. Milesker!