Beherobiko mendietan (II)

ietxaburu-k sortua, 2013, maiatza 1 - 20:37
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
ABIAPUNTUA Beherobi
Eskema Beherobi-Urkulu-Txangoa-Leizar Atheka-Elhursro-Beherobi
Lotuta »Txangoa (mendi) »Urkulu (mendi) »Leizateka (mendi) »Beherobiko mendietan (II) (track)
Gora-behera1550 m
Luzera23 Km
Iraupena6:00 - 8:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Beherobin (330 m.), mendebaldetik datorren errekaren ondotik gorantz egiten du errepideak, eta guk erreka hau eskuin aldera dugula basoan gora doan bide zaharra hartuko dugu, hego-mendebalderantz, ezkerretara geratzen zaigula Errobi ibai jaioberria (sources de la Nive).
Laster bukatuko da basoa eta bidean gora, lehen aipatutako errepidearen bihurgune bat ukitu bakarrik egin eta berriro pista batetik hegoalderantz, atondutako txabola edo borda bateraino. Hemendik aurrera bide zidorrak zigi-zaga, berriro ere errepidera. Beste hamar minutu beharko ditugu aurrena bertatik eta gero belardiak zeharkatuz, Organbideko leporaino (988 m.).
Organbidetik mendebalderantz bailaratxo edo sakon bat jarraituko dugu, aurrena belardi laua eta gero maldan gora harkaitz eta zuhaitz artean bide zidor batetik. Aldapa bukatzean (1.200 m.), bidea ere desagertu egiten da eta orduan hego/hego-mendebalderantz gora egin eta Urkuluren tontorrera iritsiko gara (1.425 m.).
Hego-mendebaldera dugun Arnostegiko lepora jaitsi (1.242 m.) eta mendebalderantz doan bidea jarraituko dugu hogei bat minutuz Bentarteko lepora (1.332 m.). Txangoa mendiaren tontorra gain gainean dugu hego-mendebaldera eta haraxe igoko gara (1.463 m.).
Berriro Bentarteko lepora jaitsi eta ipar aldera dugun Leizar Atheka tontorrera (1.409 m.) hamar minutu pasatxoan.
Jaitsiera Elhursaroko txaboletatik egin nahi dugunez, ipar aldera jaisten doan bizkar nagusia (aurreraxeago Done Jakuerako bidearekin topo eginez) utzita, ipar-ekialdera eta beheragotik doan bizkarra hartu beharko dugu eta zenbait txabolen hurbiletik igaro. Bizkar gaineko azken txabolaren parera iristean, ezkerretara (ipar aldera) erreka tartera jaisten hasi eta Elhursaroko txaboletara iritsiko gara (925 m.).
Inguru honetan zenbait erreka elkartzen da eta ekialderako noranzkoa hartu. Eta guk hemen bi aukera ditugu. Bata: errekaren ezker aldeko bizkarraren gainetik doan pista hartu. Bestea: erreka ondotik jaisten hasten den bide zidorra. Bigarrena hautatu nuen baina ez nago ziur onena ote zen. Hasieran erraz jarraitzen da baina aurrerago erdi galdu eta ardiek eta behorrek ibilian ibilian egiten dituzten bidexkak jarraituz, ote tartean malda pikua zeharkatuz, ordu bete behar da, jaisten datorren pistarekin bat egin ahal izateko. Oraindik beste berrogeita hamar bat minutuz pista jarraitu beharko dugu Beherobira iristeko