Skip to main content

Arditurri-Aiako Harria ibilbidea

Xabiaram·k

2020/10/01 - 15:01

Abiapuntua
Arditurri
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
813 m
Eskema
Arditurri-Aertxo-Enarri-Erroilbide-Txurrumurru-Hirumugarrieta-Muganix-Unaileku-Arditurri
Luzera
10.00 km
Iraupena
5 ordu
Lurraldea

Ibilbidea Arditurriko meatzealdeko Interpretazio Zentroan abiatzen da.

Hemen zentroa pasatakoan eskuinera hartu behar da, eskultura handi bat dagoen alderako pistatik eta bertara iristean, pista hau utzi eta ezkerretara aurkituko dugun bidezidor estu bati jarraituko diogu gorantz. 330 metroko garaierara iristean bidegurutze bat aurkituko dugu, eskuinera (mendebaldera) hartu behar da, hemen zeharbide bat egingo dugu desnibelik gabe errekasto pare bat edo hiru igaroz 600 metroko luzeran.

Orain Aiako Harria gandorraren mendebaldeko ertzean kokatuta egongo gara, ezkerrera bidezidor estu bat ikusiko dugu pinudian gora igotzen dena, hemen sartu eta gorantz jarraituko dugu gandorrean zehar txarrantxa hesi baten ondotik doana. Pinudia gainditu eta aurrera egingo dugu Enarri alderantz otadian eta harkaitzean gora.

Behin goialdean zelai inguru batean sartuko gara eta Erroilbidera eramango gaituen azken zatia egingo dugu, bere ondora iristean inguratu egin behar da lehenik apur bat beherantz eginez bere azpira eta gero 100 metroko desnibela duen malda zutian gora, hasieran lapiaz tarte bat du eta gero lurrean nabarmen urratua dagoen sendatik. Gainalde labur samarra du eta ikuspegi izugarriak daude bai Nafarroa alderako Endara aintzirarantz bai Donostia-Irun alderantz ere.

Lehen tontorra eginda bigarrenaren (Txurrumurru) bila joko dugu, baina lehenik Lizartzetako gaina pasa beharko dugu, hemen harkaitzari eskuekin helduz pasatu beharra dagoen tarte labur baina kontu handiz egin beharreko bat dago, Endarako aldera begiratuz gero ikaragarrizko desnibelak errespetua ematen du. Tarte hau pasa eta Txurrumurrura hurbilduko gara, tarte honetan harkaitz arteko bidezidor estua dugu, eta azkenean beste pasabide arriskutsu bat eskuekin helduz egin behar dena "Anillaren pasabidea" esaten diotena, hau ere ez da luzea eta mendian trebatua denarentzat arazo handia ez bada ere, bestela oso kontuz ibili beharrekoa da, esan beharrik ere ez bustia badago hobe dela hor ez ibiltzea. Azkenik tontorra zapalduko dugu, Oiartzungo mendizaleek jarritako postontzi oso polit bat du eta ikuspegi paregabeak ere bai Erroilbide eta Irun edo Lapurdi alderantz.

Bigarren tontorra eginda hirugarrenaren (Hirumugarrieta) bila joango gara. Tontor honi izena bertan Lesaka-Irun-Oiartzun arteko muga izatetik datorkio. Lehen zatia, Txurrumurru tontorretik jeistea malkartsua bada ere gero zelaira jeitsiko gara eta bide erraz samarra dago gainerakoan. Hirumugarrieta tontorra zapalduko dugu eta Muganix aldera jeisten jarraituko dugu, hemen leizezulo bat ere ikusiko dugu.

Nik 3 ordu behar izan nituen Arditurritik Erroilbidera igo eta Muganixera arteko gandorra egiteko, eta beste 1 ordu hemendik Arditurrira jeisteko berriro. Honetarako Elurretxe alderantz daraman bidezidor nagusia jarraituko dugu, bide harritsua eta ona da egiteko. 600 metrotik behera jartzen garenean bide hau utzi eta Unaileku aldera eramango gaituen bidezidorra hartu behar dugu ezkerrerantz. Zuzen jarraitu behar da, tartean bidegurutzeren bat ere badago baina seinaleak ere badaude bidea errazteko. Malda ere handi samarra da, kontuan izan ia 500 metroko desnibela jeitsi beharko dugula. Honela hasierako Arditurriko meatzaldera itzuliko gara mendi ibilaldi paregabe bat eman ondoren.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi