Amorototik Markinara zeharkaldia Bedartzandi eta Urregaraitik

Jose-k sortua, 2005, maiatza 21 - 00:00
Ibilbide mota Ibilbide luzea, ez da abiapuntuan amaitzen.
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Bizkaia
ABIAPUNTUA Amoroto
Eskema Amoroto - Santutxu - Bedartzandi - Urregarai - Markina
Lotuta »Bedartzandi (mendi) »Urregarai / Igotz (mendi)
Gora-behera700 m
Luzera13.5 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Amoroto eta Santa Eufemiko zelaiaren artean GR 38 ibilbide luzea pasatzen da. “Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea” du izena eta Lekeitio eta Ondarroa Arabar Errioxarekin lotzen ditu. Marka zuri-gorriak non nahi daudenez erraz jarraituko dugu bide zuzena. Bidearen zati handi bat Amoroto eta Aulestiko lurretan dauden baserrien arteko bideetan barrena egingo dugu, gorabehera txikiekin. Inguru guztia kare-haitzezkoa da eta urak sakonune eta muino asko dituen paisaia landu du. Pinu eta eukalipto landaketak dira nagusi. Ondoren bidezidor aldapatsu batek Bedartzandiren tontorrera igoko gaitu. Hemendik Santa Eufemiko zelaira jaitsiko gara eta Urregarai igoko dugu. Ibilbidea bukatzeko, Markinara jaitsiko gara.

AMOROTO (190 m.)
Amorotoko herri kaskotik hegoalderantz joko dugu eta berehala hilerriarekin egingo dugu topo. Honen eskuinetik jarraituko dugu, aldapa txikiarekin gorantz egiten duen asfaltatutako errepide batetatik. Bidea lautu egingo da laster, eta baita aldapan behera egin ere. Legardi baserriaren ondotik pasatuko gara. Aurrez aurre dugun muinoa eskuinetik inguratu, Arrantxika baserriaren ondotik igaro eta bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko bidea hartuko dugu.

ODIAGA (210 m.)
Odiaga auzunean gaude. Bospasei baserri daude bertan. Azkeneko baserriaren ondotik pasatu ondoren errepidea lur eta harrizko bide bihurtzen da, eta gorantz egiten du. Bidegurutze batera iritsiko gara laster. Eskuineko bidea hartuko dugu. Bide hau errepide bihurtuko da, eta astiro-astiro igotzen jarraituko dugu. Mendikoa baserrira doan bideari jaramonik egin gabe aurrera joko dugu.

GORONZOLAI (270 m.)
Mahasti baten gainaldetik igaro ondoren bidegurutze batetara iritsiko gara eta ezkerreko bidea hartuko dugu. Aldapa labur bat jaitsi ondoren Goronzolai-Bekoa, Erdikoa eta Goikoa baserrien ondorik pasatuko gara (45’). Hiru baserri hauek lepo batetan kokatuta daude.
Errepidea lur eta harrizko bide bihurtzen da berriz, eta hego-ekialderantz jarraitzen du. Zenbait gorabeheraren ondoren Ururdegi-Goikoa baserrira iritsiko gara. Baserri honen soro eta larreak lepo luze batetan hedatzen dira. Bertara iristen den errepidetik jarraituko dugu, larreak gurutzatuz, laster berriz ere basoan sartzeko.

SANTUTXU (325 m.)
Santutxuko ermitara iritsiko gara (1h15’). Atsedenaldi bat egiteko toki ona. Bideak eskuinera egiten du, hego-mendebaldera lehenengo, eta mendebal-ipar-mendebaldera gero. Lauzirika baserriaren ondotik pasatu eta altuera irabazten jarraituko dugu, eta lepo batera iritsiko gara. Ezkerreko bidea hartuko dugu, eta aldapa gehiagorekin gorantz egingo dugu. Mendibide baserriaren ondotik pasatu eta bidea bidezidor bihurtzen da.
Ibilbidearen lehenengo zatia bukatu da, eta bigarrenari ekin behar diogu. Bidezidor estu batek basoan barrena eramango gaitu, beti gorantz, aldapa handiarekin tarteka. Baso itxitik irten eta larreak nagusi diren leku batera iristean bideak atseden bat ematen digu tarte txiki batez. Azken aldapa igotzea baino ezaigu falta mendigaina harrapatzeko (658 m.; 2h05’).

BEDARTZANDI (700 m.; 2h10’)
GR 38 ibilbidea mendigaina hartu orduko kontrako aldera jaisten da, Bedartzandi eta Urregarai arteko leporantz. Baina guk lehendabizi eskuinerantz joko dugu, ipar-mendebalderantz, haitzezko gandor zorrotzean zehar, batere arrisku gabe, Bedartzandiren tontorrera iritsi arte.
Gandorretik GR ibilbidera itzuliko gara, eta bertatik jarraituz, hego-ekialde norabidearekin, zeharka-zeharka, aipatutako lepora jaitsiko gara.

SANTA EUFEMIKO ZELAIA (572 m.)
Santa Eufemiko zelaia da hau, eta Atxagarai aterpetxea dago bertan. Garai batetan erromeria ezaguna ospatzen zen hemen. Aterpetxearen atzealdetik bide batek gorantz egiten du. Zenbait sigi-sagaren ondoren Urregarairen haitzen barrenean dagoen zelaigune batetan agertuko gara.

URREGARAI (704 m.; 2h45’)
Santa Eufemiko ermita begi bistan dugu. Bertara igotzeko eskaileretan gora egingo dugu. Ermitaren aurrealdetik pasatu eta Urregarairen tontorrera iritsiko gara.
Markinara jaisteko, lehendabizi eskaileretan behera zelaigunera jaitsiko gara. Zelaigunearen hego-ekialdeko ertzera hurbiltzen bagara aldapan behera bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu. Bertatik joko dugu. Baserri batetara iritsiko gara, eta Santa Eufemiko zelaitik datorren Errepidera irtengo gara. Errepide honetatik zelaian behera jaisten jarraituko dugu bihurgune zabalak eman ahala altuera galduz. Igoz baserriaren aurretik pasatuko gara.

MARKINA (75 m.; 3h45’)
Errepide hau jarraituz Markinara iritsiko gara.