Skip to main content

Artzentales, Turtzioz eta Urdialaitz arteko gailurrak ibilbidea

Jose·k

2008/11/24 - 21:50

Abiapuntua
Santa Cruz
Zailtasuna
Erraza
Igoera metatua
500 m
Eskema
Santa Cruz – Alen – Betaio – Santa Cruz
Luzera
10.50 km
Iraupena
2 ordu 30 minutu
Lurraldea

Jarraian azaltzen den ibilbidea, Artzentaleseko auzoa den Santa Cruzetik abiatzen da, Alen igo, handik Betaiora arteko mendi-bizkarrean zehar ibili, eta bigarren tontorra egin ondoren, Santa Cruzera itzultzeko. Tontor hauek, Enkarterrietako eta Kantabriako ekialdeko kostaldeko paisaietaz gozatzeko behatoki apartak dira. Horretaz gain, duela gutxira arte bizirik egon diren zenbait mehatz ustiapenen aztarnak ikusi ahal izango ditugu bidean.

SANTA CRUZ (403 m.)

San Migueletik Santa Cruzera igotzen den errepidetik iritsita, eskuineko lehenengo etxearen ondoren, eskuinerantz bide bat abiatzen da, goiko baserrietarantz, ekialderantz hasieran, eta ipar-ipar-mendebalderantz gero. Ezkerretara geratuko zaigun baserri baten aldamenetik pasatuko gara, eta zertxobait aurrerago dagoen bidegurutzean eskuineko bidetik jarraituko dugu, ia 180ºtako bihurgunea hartuz. Laster beste bidegurutze bat aurkituko dugu. Oraingoan zuzen jo behar dugu, aldapa leunarekin hego-ekialderantz igotzen.

Aurrerago, txabola baten aldamenetik pasatu ondoren, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko bidetik jarraituko dugu, ekialderantz. Bide honen bitartez Somo izena duen muinoa ekialdetik inguratuko dugu, Alen eta Somo arteko lepoa harrapatu arte (590 m.; 35').

Honaino jarraitu dugun bide zabala utzi eta mendi-bizkarrean gora egingo dugu. Mehatz ustiapenen arrastoak dauden toki batetara iritsi arte bidezidor oso nabarmena dugu. Ondoren aldiz arretaz begiratu beharko dugu bide arrastoak aurkitzeko. Hegiaren banalerrotik ezkerretara egiten du bideak, aurrean ditugun malkarrak ezkerraldetik gainditzeko. Behin malkarrak gaindituta, berauen azpialdeko malda belartsuan gora egingo dugu, zeharka, harik eta malkarraren goiko puntaren ostean dagoen lepora iritsi arte.

Maldan gora zuzen-zuzen joko dugu, Alenen hegoaldeko bizkarraren bila, eta gero ezkerrerantz, azken malda igotzeko.

ALEN (803 m.; 55')

Tontor honen ikuspegi zabal eta ederrez gozatu ostean, iparralderantz jaitsiko gara. Lepora jaitsi ondoren, Biroleo izena duen tontor txiki eta luzera igoko gara. Hau zeharkatu ondoren, malda aldapatsu bat jaitsi beharko dugu, zelaigune batetara iristeko (710 m.). Zelaigune honetan norabidez aldatu beharko dugu, ezkerrerantz joan behar baikara, mendebal-ipar-mendebalde norabidearekin, gure ondorengo helburua den Betaio mendia erreferentzia gisa hartuta.

Mendi-bizkarrean zehar, Betaioren oinean dagoen lepora iritsiko gara (1h15'). Lepo honen gainean, Betaiok malkar txiki batzuk ditu. Hauek gainditzeko bi aukera ditugu. Lehenengoa zuzen-zuzen igotzea da, hasieran belar eta garo artean, malkarrean gora igotzea ahalbidetuko digun pasartearen bila, gainaldeko larreetara iristeko. Bigarren aukera ezkerretara jotzea da, altuera pixka bat galduz, malkarren azpitik zeharkaldi bat eginez, malkarrek altuera txikiena duten tartearen bila.

Behin malkarrak gaindituta, larre maldatsuan gora egin behar dugu, mendi-bizkarraren bila, eta lubakiz josita dagoen bizkarrean zehar tontorreraino.

BETAIO (753 m.; 1h25')

Alen eta Betaioko tontorrak zapaldu ondoren, Santa Cruzera itzultzea baino ez zaigu geratzen. Horretarako, aurrena Betaioren barrenean dagoen lepora itzuliko gara, eta han, mendi-bizkarrean gora egin beharrean, eskuinerantz hego-ekialde norabidearekin jaisten den bide zabala hartuko dugu.

Bide honek, altuera galdu ahala, Alen mendebaldetik inguratzen du. Bidegurutze bakarra aurkituko dugu, eta bertan, ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Horrela, Alen eta Somo arteko lepora iritsiko gara. Handik Santa Cruzerainoko bidea ezaguna zaigu jada (2h15').

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi