Saratxotik Eretzara suebakia jarraituz ibilbidea

Jose·k

2011/10/24 - 09:24

2899 klik
Abiapuntua: Saratxo
Zailtasuna: Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua:500 m
Eskema: Saratxo – Zaula – Camporredondo – Eretza – Los Helechos – Zaula – Saratxo
Luzera:6.30 km
Iraupena: 2 ordu 30 minutu
Ibilbide mota: Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Lurraldea:

Saratxo auzunean kotxea aparkatzeko aukerarik ez dagoenez, auzunera iritsi baino lehen azken bihurgunean ezkerretara irteten den hartxintxarrezko bide bat hartuko dugu, eta kilometro erdi inguru aurrerago dagoen bihurgune batean utziko dugu kotxea, bide bazterrean. Eretza ikus dezakegu toki honetatik.

Botak jantzita, eta motxila bizkarrean, ibilaldiari hasiera emango diogu. Bide nagusia jarraitu beharrean mendebalderantz doan bidexkatik joko dugu. Bide asko elkartzen diren lepo batetara iristean, suebakian gora doan bidezidorretik jarraituko dugu. Malda gogorrari aurre eginez gorantz goazela, bide nagusiagoak gurutzatuko ditugu, daramagun norabideari eutsiz beti ere. Camporredondo izenaz ezagutzen den muino batetara iristean, Eretzaren ikuspegi ederra izango dugu aurrez aurre. Suebakian zehar jarraituko dugu, maldan behera tarte labur batez, eta berriz ere gora, geroz eta aldapa handiagoarekin. Eretzako tontorretik behera jausten diren malkarretara iritsi baino zertxobait lehenago, bidezidorrak eskuineko altzifre basora eramango gaitu, malkarrak gainditu ahal izateko pasarte eroso baten bila. Eta laster tontorrera iritsiko gara.

Jaitsiera beste bide batetik egingo dugu. Mendebaldeko malda belartsuan behera joko dugu, Saratxotik datorren bide zabal batetara iritsi arte. Bide hau jarraituz Eretzaren iparraldeko magala zeharkatuko dugu, gorako bidean pasa dugun bide asko elkartzen diren lepora arte. Jada ezaguna dugun bidetik laster iritsiko gara kotxea utzi dugun tokira, ibilaldiari bukaera emanez.

Wikiloc IDa: 2154503
Ekialdetik ikusita
Arrastoa:
EranskinaTamaina
Eretza.gpx68.42 KB

Komentariorik ez..