Bargagain Urdiaindik

inaxio-k sortua, 2015, martxoa 16 - 20:54
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA
Eskema Urdiain - Altsasu inguruak - Espilazar - Mantxegoportillu - Bargagain - Ixuripunta - Kurutzetako Harria - Urdiaingo portua - Astabidea - Urdiain
Gora-behera765 m
Luzera13 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Bargagain Urdiaindik
Muino harritsua Urdiain aldeko ertzean

Urdiain eta Altsasu inguruen arteko bideak pista zabaletan egiten du aurrera eta arreta pixka bat jarri beharra dago mendateko aldapari ekiteko unea iristen denean deskuidoan aurrera ez egiteko. Badira seinale batzuk, baina bidearen arrastoa arin xamarra da hasiera batean, larrean gora lehendabizi, eta pagadian gora gero, gero eta aldapa gogorragoan. Lau paretak nahiko egoera onean dituen telegrafia dorrearekin egingo dugu topo igoeran, pagadian sartu aurretik. Ehiza postuen zerrenda baten paretik gora egiten du gero bideak, azken txanpan, gero eta aldapa zutagoan sigi-saga eginez, bizkarrera heltzen den arte. Azken tarte hau deserosoa izan daiteke euriarekin, lohiarengatik eta aldaparen gogortasunagatik.

Bizkarrera helduz gero hari jarraitu eta Ekialdera joz laster egingo dugu topo Bargagaingo tontorra eta gurutzearekin. Tontorreko egonaldia eginez gero, Ekialdeko ertzari berriro ekitean arreta pixka bat jarri behar da: seinalatutako bideak ertzaren Iparraldeko magaletik jarraitzen du, ertzetik aldendu gabe baina haren azpitik. Hegoaldeko isurialdetik ere jarraitu daiteke, nahi izanez gero, baina ez da erraza bidearekin asmatzen, ez baitago bide argirik tarte batean eta haitz handien tartetik ibili beharra dago hasieran. Harrizko labirintoa ematen du tarte hortan.

Aurrerago bi bideak ertzean elkartzen dira berriro, eta errazagoa da aurrera egitea bidearen arrastotik aterata ere. Gora-behera handirik egin gabe helduko gara hala Urdiaingo mendatera. Handik Urdiainera bitarteko bidea erraza eta nabarmena da; gero eta bide zabalagoetan behera eginez helduko gara herrira.

Irudiak